ETAko kide izatea leporatuta, martxoaren 21ean Frantziako Poliziak Jone Lozano gaztea atxilotu zuen Indre departamentuko errepide kontrol batean. Eta geroztik, hainbat izan dira herrian zein Leitzan sortu diren mugimenduak, familia eta lagunei elkartasuna adierazteko.
Martxoaren 21ean berean kontzentrazioa egin zen eta biharamunean herri batzarra. Egun berean, egitekoa zen elkarretaratzera Guardia Zibila ere agertu zen, eta elkarretaratzea debekatu zuenez, 20ko lau taldetan egin zen. Goizean, berriz, paroa egin zen Leitzako institutuan.
Martxoaren 24an, bi orduko lanuztea egin zen Areson eta Leitzan eta kontzentrazioa ere deitua zegoen Leitzan Konponbide demokratikoaren alde, atxiloketa gehiagorik ez! Jone askatu! Matte zattu! lelopean.
Bestalde, Jone ikasten ari zela bizi zen Bizkaiko Algorta herrian ere kontzentrazioa egin zen joan den astean.
Martxoaren 21ean atxilotu eta 24an eraman zuten epailearen aurrera. Fiskaltzak espetxerako eskatu zuen.