Azken lau urteotan %27 murriztu da Udalaren zorra

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 30a

2007tik 2011ra 824.292 euro amortizatu dira

Datu ekonomiko baikorrak eman ditu Udalak: 2007az geroztik, %27,17 murriztu da udal zorra, eta 2007an 3.032.862 euroko zo­rra izatetik, 2011n 2.208.570 eurokoa izatera pasatu da. Xabier Zabalo alkateak jakinarazi duenez, 2010. urtea 683.148,15 euroko saldo positiboarekin edo diruzaintzako geldikinarekin itxi zen. Eta kopuru horretatik 467.980 euro aurten eginen diren hainbat inber­tsiotarako bideratuko da. Gainerako 215.568 euroak, berriz, badaezpada ere gordeko dira, azken momentuan sor daitezkeen gastuei au­rre egiteko, hain zuzen.

 

Inbertsio nagusiak

467.980 eurorekin egin beharreko inber­tsioak hauek izanen dira: gasturik nagusiena (200.000 euro) Ibero erosteko izanen da. Lei­tzalarrerako errepidean eskoilera bat egiteko 62.000 euro gastatuko dira. Txoko ingu­ruan parkea erosteko 30.000 euro bideratuko dira eta parkea egiteko 20.000 euro.

Amazabal auzoa berriro urbanizatzeko proiektuarentzat 27.000 euro gordeko dira. 2012­an egin beharrekoa den Amazabal auzoaren urbanizazioaren proiektuak 850.000 euro aurrekontua du eta %70eko laguntza ere jasoko du.

Ur potabilizatzaile berriaren proiekturako beste 27.000 euro bide­ratuko dira. 2012an egitekoa da edateko ura au­­rre­tik tratatzeko proiek­­tua eta 770.000 euro kostako da. Inber­tsio honek %80ko su­ben­­tzioa izanen du.

Bestalde, udaletxeko bi terrazetan 18 eguzki plaka jartzeko 25.000 euro erabiliko dira; Atekabeltzeko lehenengo solairuan konponketak egiteko 23.000 euro; Olaberriko zubia konpon­tze­ko 20.000 euro, eta pla­zako harategia turis­mo puntu bilaka­tzeko 6.000 euro.

 

Udala «pozik»

Datu ekonomikoak ikusita, balorazio positiboa egin digu alkateak: «eguneroko lana zorroz­ta­sunean eta poltsikoari begiratu­takoa izan da. Honek zailtasunak eka­rri dizkigu, baina emaitza­ ikusi­ta oso pozik gaude». Gaineratu digunez, «Udalean sartu ginenean, egoera ez ze­­­la egokie­na ikusi genuen. Hori aldatu egin be­har zela erabaki genuen, eta ondorioz, ekonomikoa izan da lau urteetan baldintzatu duen egoe­­­ra». Egoerak hala be­hartuta, «bideratu nahi genituen inber­tsio ba­tzuk» aurrera atera ezinik­ gelditu direla aitortu digu­ Zabalok, «diru­la­gun­­tzak lortu ez direlako. Egindako inber­tsio handi ­guz­tiak dirulagun­tzarekin egin dira».

Etorkizunean, «ahal den neurrian hu­rren­­­­go lau urteetan ere bide honetatik jarraitu behar dela» dio alkateak, «egungo krisiak eragin haundia baitu Udala­ren egoeran».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun