San Roke elkarteko bazkideek martxoaren 12an izan zuten urteko bilera, eta hainbat gai izan zituzten hizpide. Aurreko akta irakurri eta onartzeaz gain, 2010eko balantzea egin eta onartu zen eta 2011ko kuotez ere hitz egin zen. Erabakitakoaren arabera, urteko kuotak bost euroko igoera izango du. Gisa berean, aipatu, orain arteko zuzendaritzak beste urtebetean jarraituko duela karguan.
Bazkideei dagokienez, Joxe Antoniok bere alaba Ainhoari pasatu dio giltza eta Maitane eta Miren izango dira aurtengo bazkide berriak.
Tabakoaren gaia ere atera zen mahai gainera: erre ala ez erre bozkatu zen, eta oso nabarmena izan zen erretzearen aldeko botoa.
Gaur egun elkarteak dituen 63 bazkideetatik 45 lagun azaldu ziren bilerara eta bukatu bezain laster, jendea eseri egin zen, Josebak prestatutako afaria dastatzeko.
Kontzejua zabalik
Martxoaren 16an ireki zuten Kontzejuko taberna berriro, 15 eguneko oporraldiaren ondoren. Jendea zain zegoen, izan ere, herria motz gelditzen da hau itxita badago.