Herrian turismoa nondik bidera daitekeen jakiteko Bizibiziki enpresak egindako Turismo Plan Estrategikoa aurkeztu zen martxoaren 22an. Gaur egun, Goizueta Nafarroako eskaintza turistikoetatik kanpo kokatzen bada ere, bi elementu ageri dira Nafarroako elementu turistiko bezala, inauteriak eta pilotaren ibilbidea. Orain artean, turista euskalduna hurbiltzen da gehienbat, familia edo bikotean etortzen dena autoz, natur turismoaren hartzaileak neurri handi batean. Herrian gastu gutxi egiten dute eta denbora gutxi ematen dute, jateko edo lotarako eskaintza txikia delako.
Ekoturismorako aukera bikaina eskaintzen duela eta, herritik Artikutzarako sarrera egokitu eta ezagutarazi egin beharko lukeela ageri da Planean, baita Artikutzaren erreferentzialtasuna Goizuetak izatea ere, Plazaolan sartzeko aukera eta eskualde mailan lan egiteko aukera ere hor daude, beti kultura, kirola, natura edo hezkuntzarekin lotutako turismoarekin.
Udalak, turismoaren garapena ekintza ekonomiko osagarri bezala ulertzen du, bizi kalitaterako elementu positibotzat. Garapenerako esparrua eskualdea (Mendialdea Mankomunitatea) eta zehazki Plazaola izanen da eta inguruko beste herri batzuekin ere, Arantza edo Hernanirekin esaterako, ekintza batzuk elkarrekin egiteko aukera aztertu nahi da. Gipuzkoarekiko gertutasuna ere landu behar litzateke, horretarako turismo estilo propioa garatuz eta inguruko herriekiko eskaintza osagarriak eskainiz.