Aizkolari gazteak lanean paratzeko asmoarekin Leitzako Gabriel eta Mieltxo Saralegik antolatutako Adania Aizkolari Saria arrakasta haundiarekin joan da. Lekunberrin eta Donezteben jokatutako finalerdien ondotik, finala martxoaren 20an, igande eguerdian jokatu zen Leitzan eta 350 lagun inguru bildu ziren Amazabal frontoian saioa ikustera.
Hiru kategoriatan jokatu ziren lehiak:
23 urtez azpiko proba nagusian Oihan Larretxea beratarra nagusitu zen: 13 minutu eta 8 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko. Bigarren Ugaitz Mugertza II.a (Mutriku, Gipuzkoa) gelditu zen, lana 13 minutu eta 34 segundotan egin ondotik; hirugarren Ruben Saralegi leitzarra sailkatu zen (15:15) eta laugarren Aratz Mugertza III.a mutrikuarra (15:55). Hiru proba labur eta luzea (45 ontzako eta 54 ontzako bina enbor etzanda eta 45 ontzako engorra zutik moztea) egin behar izan zuten.
18 urtez azpikoetan, berriz, Eloi Kortxero eta Unai Otaño aritu ziren. Kortxerok 8 minutu eta 6 segundotan bukatu zituen lanak eta Otañok, berriz, 32 segundo gehiago behar izan zituen.
14 urtez azpikoen kategorian, etxean gelditu zen txapela, Mikel Zabaleta leitzarrak irabazi baitzuen. 6 minutu eta 6 segundotan bukatu zituen lanak. 50 segundoko aldea atera zion bigarren sailkatu zen Iker Vicenteri. Hirugarren Julen Larrea gelditu zen (08:38).