Jone Lozanoren atxiloketa salatzeko bi orduko lanuztea deitu dute ostegun eguerdian Leitzan eta Areson

TTIPI TTAPA 2011ko mar. 24a, 08:32

Lanuzteaz gain mobilizazioak burutuko dituzte aste honetan Leitzan, Areson eta Algortan

Martxoaren 21ean, astelehen goizaldean Jone Lozano aresoarra atxilotu zuten gendarmeek Indre herrian, Frantzian. Leitzako eta Aresoko herritarrek bere kezka agertu nahi izan dute Joneren atxiloketaren aurrean eta, era berean, bere familia eta lagunei elkartasuna adierazi.

 “Euskal Herrian bake eta justizia egoera batera iristeko urrats garrantzitsuak eman dira azken hilabeteetan –diote bere idatzian–. Egun bizi dugun gatazka politiko eta armatua gainditzeko konpromisoa eta borondatea erakutsi dute eragile ezberdinek. Kezkatzekoa da frantziar eta espainiar gobernuek nola erantzun dioten bake eta justizia lortzeko aukera berri honi. Benetako prozesu demokratiko baten aldeko lanak errepresioa du ordainetan. Honela, atxiloketekin, torturarekin, espetxearekin eta sakabanaketarekin erantzuten diote bi gobernuek euskal herritarron askatasun, konponbide eta bake nahiari.

 Euskal Herriko alderdi politiko eta eragile guziek, errepresio basati honen aurrean beste aldera begiratu eta txalotu beharrean, konpromisoak hartzeko garaia dute, sufrikario honekin behin betikoz amaitzeko”.



Areso eta Leitzako herritarrok ere, “orain arte egin dugun bezala, eskubide zibil eta politikoen alde lanean jarraituko dugu. Alderdi eta eragileak erantzukizunez eta arduraz jokatzera bultzatu behar ditugu. Joneren atxiloketak gatazka eta sufrimendua luzatu besterik ez du egiten”diote idatzian.



Frantziar eta espainiar gobernuei “errepresio politika alboratu dezaten exijitzeko eta eskenatoki berri bateruntz urratsak eta konpromisoak eskatzeko”, ostegun honetan, martxoaren 24an, bi orduko lanuzteadeitu dute, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara. Eguerdiko 12:00etan kontzentrazioa ere eginen da Leitzako Kale Nagusian, “Konponbide demokratikoaren alde, atxiloketa gehiagorik ez! Jone askatu! Matte zattu!” lelopean.

Algortan ere manifestazioa eginen da arratseko 20:30ean, Telletxetik aterata.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun