Aizkolari gazteak lanean aritzeko asmoarekin Gabriel eta Mieltxo Saralegik Adania Aizkolari Saria antolatu dute aurten. Lekunberri eta Donezteben jokatutako finalerdietako saioen ondotik, Leitzan izango da finala igandean.
23 urtez azpiko proba nagusian lau aizkolari lehiatuko dira finalean. Ruben Saralegi leitzarrarekin batera, Oihan Larretxea beratarrak beteko du eskualdeko ordezkaritza. Beraiekin batera, Mutrikuko Mugertza anaiak, Ugaitz (Mugertza II) eta Aratz (Mugertza III), lehiatuko dira.
Bi finalerdietan guztira zortzi aizkolarik hartu dute parte. Lehenengo finalerdia Lekunberrin jokatu zen. Bertan, Saralegik Jokin Alkizalete asteasuarra kanporatu zuen. Mugertza III.ak, berriz, Arkaitz Olano leitzarra utzi zuen kanpoan. Beste finalerdia Donezteben izan zen. Mugertza II.ak Kañamaresi irabazi zion, eta Larretxeak Erasun kanporatu zuen. Adania Sariaren finalean, beraz, egun puntan dabiltzan lau aizkolari elkarren artean lehiatuko dira. Bost lan egin beharko dituzte, eta bakoitzean lortutako denbora batzen joango dira. Lehenengo saioan 45 ontzakoa etzanda moztu beharko dute. Bigarrengoan, kanaerdikoa, etzanda hau ere. Hirugarrengoan, 45 ontzakoa zutik ebaki beharko dute. Laugarrengoan, metrokoa zutik eta 45 ontzakoa etzanda. Azken saioan, 45 ontzako bi enbor eta kanaerdiko beste bi etzanda, eta 45 ontzakoa zutik moztu beharko dituzte. Jaialdia 12:00etan hasiko da, Amazabal pilotalekuan. Sarrera 10 eurokoa izango da. 18 urte azpikoak doan sartu ahalko dira.
Aizkolari gazteenak
23 urte azpikoen txapela ez da jokoan izango den bakarra. Aizkolari gazteagoek ere izango dute bere lehia. 18 urte azpikoen mailan bi aizkolari ariko dira: Eloi Kortxero eta Unai Otaño. Bi saio egingo dituzte, nagusien lanen artean tartekatuko direnak. Beste lehia 14 urte azpikoen artean izango da. Bertan ariko dira Mikel Zabaleta leitzarra, Julen Larrea bizkaitarra eta Iker Vicente nafarra.