Ez urrezko mailan, eta ez zilarrezko mailan ere, ez da eskualdeko aizkolaririk izan Binakako Aizkolari Txapelketaren finalean. Bai, ordea, gazteen mailan. Eta txapela ere lortu dute gainera.
Mikel Zabaleta leitzarrak eta Eneko Otañok (Beizama, Gipuzkoa) irabazi zuten otsailaren 27an Azpeitian jokatu zen Gazte Mailako Binakako Aizkora Txapelketako finala. Minutu eta 26 segundoko aldea atera zieten Eloy Kortxerori eta Iker Vicenteri. Berez, Eneko Saralegi leitzarra aritzekoa zen finalean, baina ebakuntza egin berria zuelako, Kortxerok jokatu zuen bere ordez.
Proba guztietan gailendu ziren Zabaleta eta Otaño, eta guztira 11 minutu eta 15 segundo behar izan zituzten lanak bukatzeko; Kortxerok eta Vicente II.ak 12:41.
Urrezko Mailan Azurmendi eta Atutxa nagusitu ziren eta Zilarrezko Mailan, berriz, Rodriguez eta Kañamares bikotea.