Otsailaren 18an egin zuen Aurrera Kirol Elkarteak zuzendaritza berritzeko bilkura. Baina ez zuen erantzun haundiegirik izan. Karlos Agirre azken sei urteotan lehendakari izan denak eta beste bi urtez ere karguan segituko duenak adierazi digunez, «elkarteak 350 bazkide ditu, baina batzarrean 10-12 lagun bildu ziren, eta gainera, bigarren deialdia zen, lehenengoan ez baitzen junta osatu».
Karlos Agirre lehendakariarekin batera, ondoko hauek osatuko dute zuzendaritza batzordea: Julian Zabaleta lehendakariordea izanen da; idazkaria Patxi Saenz eta diruzaina Iraitz Iriarte. Kirol koordinatzailea, berriz, Unai Olano izanen da, pilota eskolako arduraduna ere badena. Olano bokala ere izanen da, Aintzane Arraizarekin batera. Gehienak ongi ezagutzen dute elkar, lehendik zuzendaritzan daudenak baitira.
Batzordea bi urtetik behin berritzen da eta hurrengo bi urteetarako helburu nagusia «dagoenari eustea» izanen dela azaldu digu Agirrek. «Elkarteak hamar komisio ditu eta badago lana –dio Aurrerako lehendakariak–. Gainera, krisiarekin dirulaguntzak ere murriztu egin dira».