Puntako taldeak ariko dira apirilaren 2an eginen den Atekarock jaialdian

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 16a

Berri Txarrak, Gose, Su Ta Gar, Kop, Vendetta eta Bad Sound System taldeak gonbidatu dituzte

Elkarlanetik jaio, musikatik eraiki! lelopean jaial­di haundia eginen da apirilaren 2an, larunbatarekin, herrian. He­rri mugimenduko hainbat taldek elkarrekin antolatu dute ekimena, «etorkizuneko Herrigune izanen den eraikina moldatzeko helburuarekin, besteak beste». Halaxe diote atekarock.blogspot.com atarian.

20:30etik aurrera Berri Txarrak, Gose, Su Ta Gar, Vendetta eta Kop taldeek kontzertuak eskainiko dituzte kiroldegian. Eta 01:00etan, be­rriz, Gaztetxean Bad Sound System taldearen txanda izanen da. Gaztetxea goizaldera arte zabalik egonen dela iragarri dute.

 

Sarrerak

Aldez aurretik erosiz gero, sarrerak 17 eurotan eskuratu ahal izanen dira. Toki hauetan eros daitezke sarrerak: Nafa­rroan, Leitza (To­rrea), Lekunberri (Elosta), Elizondo (Txokoto), Irurtzun (Pikuxar), Altsa­su (Lurrazpi taberna), Lesaka (Arrano Herrikoa) edo Iruñean (Karmengo Herrikoa eta Ezpala-Iturrama) eros daitezke; Gipuzkoan,Tolosa (Denak), Beasain (Arrano) eta Oreretan (Landare) eta Araban Gasteizen (Garraxi).

Banku transferentziaz erosteko aukera ere badago, Euskadiko Kutxako 3035 0118 8 3 1181035243 kontu zenbakian.

Aldez aurretik erosteko epea martxoaren 25ean bukatuko da.

Aparkalekuak eta autobusak ere egonen dira. Bi autobus zerbitzu jarriko dira: Iruñea-Irur­tzun-Lekunberri-Leitza eginen du batek eta bes­teak Tolosa-Villabona-Andoain-Leitza. Itzulerako zerbitzua ere jarriko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun