Berako finalaurrekoaren ostean, martxoaren 19an finalaurrekoei segida emanen die Nafarroako Bertsolari Txapelketak.
Bigarren finalaurrekoa Leitzan da, larunbat arratsaldeko 17:30ean herriko zineman. Sei bertsolari arituko dira taula gainean: Estitxu Arozena, Xabier Terreros, Iñigo Olaetxea eta Josu Sanjurjo lesakarrak, Ander Fuentes “Itturri” zubietarra eta Miel Mari Elosegi “Luze” leitzarra.
Kantatuko duten bertsolarien artean Estitxu Arozena Txapelketa hasi aurretik sailkatuta zegoen finalaurrekoetarako, iaz hirugarren egin baitzuen. Arozenak bitan irabazi du Nafarroako Txapelketa, 1995ean eta 1998an.
Iazko Txapelketako finalean ere kantatu zuen Xabier Terrerosek, zazpigarren egin zuen eta Tafallako azken-laurdena irabazita sailkatu da. Bestetik, “Itturri”, “Luze” eta Olaetxeak badakite zer den Nafarroako finalean aritzea. Azkenik, Josu Sanjurjo gazteak lehen aldia du Txapelketan eta Berriozaren egindako lan onari esker lortu du finalaurrekoetan egotea.
Leitzako finalaurrekoa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da Iruñeko finalerako. Gainerakoek zain egon beharko dute finalaurreko guztietako puntuazioak ezagutu arte, bost postu puntuz erabakiko baitira. Dagoeneko Jon Barberena sailkatuta dago, Berako finalaurrekoa irabazi ondoren.
Finalaurrekoetarako sarrera zortzi eurokoa da, bost euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Sarrerak aldez aurretik erosten ahal dira www.bertsosarrerak.eu atarian.
Nafarroako Bertsozale Elkartea da Nafarroako Bertsolari Txapelketako antolatzailea eta Leitzako saioa antolatzeko Leitzako udalaren laguntza izan du.