Animazio ederra sortzen da Goizuetan edozein jai aitzakiarekin eta inauteriekin horixe bera pasatzen da.
Igandean, martxoak 6, hasiko dira motorrak berotzen eta ohiturari jarraituz, astelehen eta asteartean izanen dituzte egunik indartsuenak.
Dena den igande goizean pilota eskolakoen partidak izanen dira eta 16:30ean Zahagi Dantza eskolan. Ilunabarreko 19:00etan dantzaldia Gabezin taldearekin eta 21:30 aldera Mozorroen Taldearen afaria.
Astelehenean, martxoaren 7an, Mozorroen Taldeak eta Guraso Elkarteak antolatzen dituzte ospakizunak. Guraso Elkartekoek konpartsa eginen dute goizean. Joan den urtean Akelarrea izan baldin bazuten gaia, aurten, Sevillako Apirileko Feria izanen dela iragarri dute. Ondotik bazkaria elkartean eta arratsalde partean umeendako pelikula eta tailerrak (eskulanak) eta eguraldiak lagunduz gero, jokoak izanen dituzte plazan.
Mozorroen Taldea, bestalde, astelehen goizeko 08:00etan aterako da puskak biltzera eta egun osoan baserriz baserri ibiliko dira. Arratsaldeko 18:00ak aldera itzuliko dira herrira, dultzaineroek lagunduta. Ondotik dantzaldia izanen da plazan Gabezin taldearekin. Gaueko 21:30ean afaria izanen da eta ondotik berriz dantzaldia plazan.
Asteartean mozorroen gosaria izanen da 09:30ean eta ondotik eskean ibiliko dira herrian barna. Eguerdiko 14:00etan bazkaria eta arratsaldeko 16:30ean Zahagi dantza izanen dira. Eta jai giroa gauean berandu arte segurtatua dago. Dantzaldia TZ taldearekin izanen da ilunabarrean eta afal ondoan. Afaria 21:30ean.