Estreinatu ez ezik, telebistan ere emititu dute dagoeneko Iñaki eta Inaxio Perurena aita-semeei buruz Jon Garañok egin duen Perurena dokumentala. Eta pozik gelditu dira biak emaitzarekin. Harri-jasotzeari buruzko momentu andana biltzen ditu dokumentalak: entrenamenduak, errekorreko momentuak, umetako irudiak, plazako saioak... Baina ez hori bakarrik, aita eta semearen arteko harremanaren berri ere ematen baita. Bost urteko ume bat harri bat jasotzera plazara joan eta kazetari batek aitaren markak noiz hautsiko dituen galdetu zion unea da dokumentalaren abiapuntua, eta Inaxiok Iñaki Perurenaren semea izateagatik jasotako etengabeko konparaketa azaltzen da. Aipatzekoa, bestalde, Inaxio 300 kiloko harria jasotzeko prestaketekin burubelarri dabilela.