Azken bost urteetan 80 bat haritz eta pago mugarratu dituzte Leitza eta Areso aldean

Aitor AROTZENA 2011ko mar. 1a, 13:23

Zuhaitzak moarratzeko teknika ezberdinak landu zituzten otsaileko lehen asteburuan Leitzan, nazioarteko lehen jardunaldietan. Elene Arrazola

Zuhaitz zaharren moarratzaileen nazioarteko lehen jardunaldiak egin ziren Leitzan otsail hasieran

Moarratzea edo mugarraketa. Kimatzea. Inausketa. Izen ezberdinekin ezagutzen da gure inguruan “gutxienez Erdi Arotik, burdinolen garaitik” erabiltzen den teknika, Miel Mari Elosegi basozainak aipatu digunez. Otsaileko lehen asteburuan, Leitzan burutu ziren Zuhaitz zaharren moarratzaileen lehen nazioarteko jardunaldiak eta Italia, Frantzia, Erresuma Batua edo Kataluniatik 30 bat lagun bildu ziren, aitzinako teknika honi buruz gehiago ikasteko. Leitzako Udala eta Trepalari elkartea izan ziren antolatzaile eta teorika ikasteaz gain, Leitzelarreko Urkizu aldean 200 urte inguru izanen dituzten hamasei bat zuhaitzen adarrak mugarratu, kimatu, inausi zituzten.

 

BIZITZA LUZATU

«Mugarraketak zuhaitzari bizitza luzatzen dio, haizete eta elurteen aurrean egonkorragoa bihurtzen du, bolumena txikitzen baitio. Mugarratzen ez bada zuhaitza bera ere arriskutan egon daiteke, adar-karga izugarria hartzen duelako»

Miel Mari ELOSEGI Basozaina


DATUA

200 URTE inguru dituzte Leitzako Urkizu aldean aurten moarratu dituzten hamasei pago eta haritz zuhaitzek.

 

Miel Mari Elosegi lei­tzarrak aipatu digunez, 2005etik honara «laurogei bat zuhaitz muga­rratu izanen ditugu Lei­tza eta Areson eta denbora horretan Euskal Herriko zuhaitz zale elkarteen eta Erresuma Batuko Veteran Trees (Antzinako Zuhaitzak) Elkartearen laguntza izan dugu». Elkarte honetako Hellen Read-ek Leitzan aipatu zuenez, Ingalaterran ere aitzinako teknika hau berreskuratzen ari dira, baina han adar punttak baka­rrik mozten dira motozerraren bitartez. Gainera, Euskal Herrian baino sarriago egiten dituzte kimatzeak, zuhai­tzak guttiago sufritzen duela eta lehenago erre­kuperatzen dela uste baitute. Kataluniako Gerard Passola arbolazaina ere iritzi beretsukoa da. Euskal Herrian 15-20 urtetik kimatzen dira zuhaitz hauek. Mi­guel Barriola, 77 urteko leitzarrak aipatzen zuenez, «adarrak ipurditik mozten ditugu hemen, indar gehiago hartzeko». 50 bat urte bazituen zuhaitzak mugarratu gabe, baina ederki gogoratzen du teknika eta bera aritu zen Lei­tzara bildutako teknikari, biologo eta arbolazaleen gidari. Berak adierazten zien nondik moz­tu adarra eta Gabriel Saralegi eta Joxe Mari Esnaola aizkolariek, aizkora modu egokian erabiltzen erakusten zieten.

 

Teknika ezberdinak

Miel Mari Elosegik jakinarazitakoaren arabera, «hemen aizkoraz egiten zen, motozerrarik ez zegoelako. Motozerraz erraxagoa da. Gure mua­rraketa tradizionalean zuhaitzak oso behetik muarratzen ziren. Ingalaterran askoz goragora igotzen dira eta adar txikiagoak kentzen dizkiete zuhaitzei».

Moztutako adarrekin, garai batean ikatza egiten zen batez ere, baina pieza batzuk itsasontziak egiteko erabili izan dira, edo goldeen piezak egiteko. Adar-puntta finenak azienden bazka ziren. Sutako egurretarako ere erabil­tzen da... Baina erabilera praktikoaz gain, kimaketak zuhaitzari bizitza luzatzen dio, «haizete eta elurteen aurrean egonkorragoa bihur­tzen du, bolumena txikitzen baitio», Elosegiren esanetan. Muga­rratzen ez bada, zuhai­tza bera ere arriskutan egon daiteke, «adar-karga izugarria hartzen due­lako. Bolumen handia hartzen du, eta haizeak eta elurraren pisuak lurrera botatzen du».

Leitzaldean ehunka pago eta haritz muga­rro dituzte, baina azken urteetan, urtero batzuk galtzen ari ziren. Horregatik, berriz ere lan hau egitea pentsatu dute, «batetik, berriz ere mugarroak berreskura­tzeko, eta turnoan sar­tzeko, baina bestalde, kultura hori ez galtzeko. Ilargiak errespetatu behar dira, adarrak mozteko alturak, eta abar. Hori dena jaso­tzen ari gara”.

Baina ez da pagoa eta haritza bakarrik inausten. Elosegik aipatu digunez, «urkia, liza­rra, gaztainondoa, sagarrondoa eta abar, bakoitza bere modura mugarratu edo kimatu izan dira, komeni zen araberako gauzak lortzeko. Lizarraren kasuan, azien­dentzako hostoa eta baratzarako edo hesitarako arbak lortzeko. Moarratze-teknika hau bizirik dago oraindik».

Dena dela, zuhaitz ugari XX. mendeko erdialdetik honat muga­rratu gabe daude, eta horrek heriotzera bideratzen ditu. Horrela aipatu zuen Trepalari elkarteko Samuel Alvarezek. Ildo berean, Veteran Trees elkarteko Óscar Schwendtner-ek adierazi zuenez, «60 edo 80 urtetan ez dira kimatu eta sustraietik iraul­tzeko arriskua daukate. Tradizio hau berreskuratuz, zuhaitz askoren etorkizuna ez ezik, enbor barrenean bizi diren animali eta onddoena ere segurtatzen dugu».

 

Juan Mari Barriola, Leitzako mendi zinegotziaren hitzak

«Gure arbasoek egurraren produktibitatea bilatzen zuten, baina zuhaitza bera hil gabe»

Leitzako Udala moarraketa berres­kuratzen ari da azken urteetan eta Juan Mari Barriola zinegotziak ekimenaren balorazio baikorra egin du.

• Zein helburu duzue moarraketa berreskuratzean: ekonomikoa, ekologikoa, etnografikoa…

Dudarik gabe ekonomikoak baino pisu handiagoa du ingurugiro eta kultur ikuspegitik, ekonomiko aldetik ez baita etekin handirik ateratzen. Urkizu inguruan egin dira azken urteetan moarraketak eta han paisaia oso berezia da, bordak, artzaintzari eta abeltzaintzari oso lotua dago eremu hori… pagoak eta haritzak han hemenka dituen larre bat da, historikoki zuhaitz horiek moarratzen zituzten altura batean, aziendek landarea ez galtzeko… Gure arbasoek egurraren produktibitate bat bilatzen zuten, baina zuhaitza bera hil gabe. Biologoek demostratua dute horrela lantzen diren zuhaitzak gehiago bizitzen direla. Seguruenik Euskal Herri osoan hedatua zegoen paisai baten azken aztarna da, oso paisai berezia. Azken ehun urteetan moarraketaren kultura hori galtzen ari zen, egurra gero eta gutxiago egiten zen, ikatza ez da egiten… Zuhaitz hauek asko haunditzen ari ziren, bolumen eta pisu handia hartzen, adarrak loditzen… eta ondorioz ekaitzek gehiago eragiten zieten, adarrak hautsiz edo zuhaitza bera botaz. Epe ertain-luze batean paisai hau galtzeko arriskua zegoen eta beste aldetik, kultura bera arriskuan zegoen: lizarrak eta oraindik moarratzen dira, baina haritza eta pagoa aspalditik ez. Ekimen honek bi aldetako onurak ditu, paisaiarena eta kulturarena. Gainera oso esplotazio sosteniblea da, zuhaitza arinduz adarrak bota eta su-egurra egiten da.

• 80 bat zuhaitz moarratu dira azken bost urtetan. Horrekin segitzeko asmorik?

Bai, oraindik hausnarketa bat egiteko denbora pixko bat uzten ari gara, berriz ere hurrengo urteetakoa planteatzeko. Lehenbiziko urteak esperi­mentu gisakoak izan dira, eta orain segimendu bat egiten diegu zuhai­tzei, bere erreakzioa ikusteko. Ba­tzuk ongi ari dira erantzuten, baina beste batzuk mantsoagoa edo nekezago bezala. Orain, zuhaitzak hobeki aukeratu eta hori aurrera eraman nahi dugu, poliki-poliki.

• Egurrarekin zer eginen duzue: zozketa, saldu…

Aurreko urteetan, egurraren zati bat jendeak berak eskatzen du. Aurten, beharbada udaletxeak zati bat aprobe­txatzea pentsatzen ari gara, baina oraindik ez dugu erabaki. Au­rrera begira beste proiektutxo bat daukagu, oraindik zehaztu gabekoa, baina gustatuko litzaiguke herrian txondor bat piztea ikatza egiteko, kultura hori ere berreskuratzeko. Asmoa badago, baina oraindik ez da erabaki finkorik hartu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun