Larunbat goizean goiz aterako da aurten ere puxkak biltzera Aranoko zomorro koadrilla. Izer eta Alabier trikitilariek alaituta eginen dute etxez etxeko eskea.
Duela urte batzuk, zomorroak gutxitzen ikustearekin, gazte «izandakoak» ere gonbidatu zituzten goizeko buelta egitera eta arrakasta polita izan zuen ekimenak. Dantzari ezin finagoak daude Aranon, baina dantzan animatzen ez denak ere zeregin polita izan dezake buelta girotzen.
Eguerdian herrira iristean, zomorroentzat, ongi merezitako bazkaria izango da zain soziedadean, herritar batzuk bazkaria prestatzeko ardura hartu dutenez. Eta bazkaltzen bukatutakoan kanturik ez da faltako mahai inguruan.
Zahagi dantza arratsaldean izango da beti bezala, 17:30 inguruan, eta jendea animatu nahi dute ikustera etortzera. Inor ez dadila etxean gelditu. Ondoren dantza gehiago izango da, zomorro izan ez direnek ere horretarako aukera izan dezaten.
Eta afaria gero, egunari bukaera ematen hasteko. Herriko elkartean izango da hau, betiko moduan, eta ondoren dantzan eta kantuan aspertu ez denak, erabat asetzeko aukera izango du berriz ere, ordu txikiak herriko kanpaietan entzun arte.
Aurten zahagi dantza grabatzeko proposamena luzatu die aranoarrei Nafarroako dantza talde batek. Dantza eta festa ezberdinak dokumentu moduan gorderik gelditzeak duen garrantziaz konturatuta, gogo onez hartu dute proposamena. Dantzak eta festa ez ezik, Aranoko eta beste herri askotako doinuak, jantziak eta ohiturak ere jasota geldituko dira grabazio hauen bidez.