Leitzako Amazabal auzoan inoiz egin diren berrikuntza lanik handienak eginen dira 2012. urtean, hornidura sare ezberdinak moldatzeaz gain, zolaberritu eginen baita. Udalak, proiektuaren idazketa lanak eta obren zuzendaritza lehiaketara atera ditu, lanak heldu den urte hasieran hasteko asmoarekin. Obra handia egin beharko da, 6.200 metrotan berrikuntza lanak eginen baitira eta horregatik, bederatzi hilabete beharko dira bukatzeko.
Amazabal auzoa 1970. hamarkadan eraiki zen, Leitzan gertatutako populazioaren igoerari aurre egiteko. Orduz geroztik, kasik ez da moldaketa lanik egin eta horregatik, sare ezberdinak egoera kaxkarrean daude. Proiektu honen bidez, ur-hornidura, elektrizitate, telekomunikazio eta saneamendu sareak berritzeaz gain, espaloiak, bideak eta mobiliarioa moldatuko dira. Proiektuaren idazketa eta lanen zuzendaritzaren aurrekontua ezin izanen da 48.000 eurotik pasatu.