«Profesionaletan gutxien jokatzen duenak ere asko egiten du»

Gurutze PIKABEA 2011ko ots. 16a, 15:14

Jon Jaunarenak abenduaren 29an debutatu zuen Tolosan profesionaletan. HITZA

Afizionatuetatik profesionaletarako saltoa eginez, hiru urterako kontratua sinatu du Jon Jaunarena pilotariak (Leitza, 1992) Aspe enpresarekin. Abenduaren 29an debutatu zuen Tolosako Beotibar pilotalekuan, Barriola atzean zuela. 22-14ko emaitzarekin galdu egin zuten bi leitzarrek, baina itxura ona eman zuen gazteak eta eskuin golpe izugarria duela erakutsi zuen. Orain, berriz, Binakako Bigarren Mailako Txapelketa jokatzen ari da Larrinagarekin batera.

 

HOBETU BEHARRAK

«Gauza guztietan hobetu behar dut: errematean tantoak bukatzen, defentsan... Gaztea naizen aitzakia horrekin espero dut hobetzeko denbora izatea».


AMETSAK

«Profesionaletan debutatzea zen aurreneko ametsa. Eta orain ahal bada txapelketak irabazi nahiko nituzke. Ilusio haundiena buruz buruko txapela janzteak eginen lidake».

 

Antonio aitaren bidea au­keratu izan balu, aizko­laria izanen litzateke orain Jon Jaunarena. Eta probatua du aizkora, baita gustatu ere, baina ez pilota bezain­bes­­te. Aizkoran nola moldatuko litza­tekeen ezin ja­kin, beraz, baina pilotan behintzat ederki egiten da. Baditu dohainak eta horregatik nabarmendu da txikitatik pi­lotan. Emaitza bikainak lortu izan ditu afizionatuetan, garaipen eta txapel asko eta orain koxka bat go­rago igo da, afizionatuetatik profesionaletarako urratsa emanez. Baze­kien Aspek ongi, maila one­ko pilotaria izan daite­keela, eta horregatik sina­tu zuten Jaunare­nak 16 urte zituela As­pe­­rekin entrena­tzeko aurrekontratua. Orain, 18 urterekin, hiru urterako kontratua sinatu du.

Jaunarenarekin Goizuetarena berdindu du Leitzak. Alegia, Barriola eta Bengoe­txea VI.aren ondotik, gaur egun profe­sionaletan ari den hiruga­rren leitzarra da Jaunare­na. «Herrian pilotara­ko­ afizio haundia dago eta hiru pilotari izatea poz­garria dela uste dut», dio. Abenduaren 29an Tolosako Beotibar pilotalekuan debutatu zuen leitzarrak, Barriola lagun.

Aritz Lasa eta Laskurainen kontra galdu zuten, baina profesionaletako debuta zaila izaten da beti. «Urdurita­su­na» nabaritu omen zuen: «par­tida oso gogorra izan zen, kontrarioak ere bagenekien oso gogorrak izanen zirela. Abelek asko lagundu zidan eta ni ahal nuena egiten saiatu nin­tzen. Baina aurreneko partida zen eta nahiko nerbioso aritu nin­tzen. Halere, itxura txarra be­hintzat ez nuela eman uste dut». Argi gelditu zena, hori bai, bere golpea izan zen. Hala diote adituek, eta berak ere hala aitortu digu: «gehienbat eskuin golpea».

Gaztea da oraindik, mar­txoan beteko ditu 19 urte, baina gogotik saiatu nahi du. Adinak ematen dion aukera baliatu na­hi baitu hobetu beharrekoak ho­betze­ko: «gau­­za guztietan hobetu behar dut: errematean tantoak buka­tzen, defentsan... Gaz­tea naizen aitzakia horre­kin espero dut denbora izatea».

Aurrelaria izanagatik atzean ere moldatuko li­tza­tekeela erran du batek baino gehiagok. Berak, ordea, aurrelari na­hia­go. «Nik uste bietan moldatzen naizela, baina aurrean jokatzea ge­hiago gustatzen zait eta horretan segitu nahi dut». Jokoan ere nabaritu du aldea leitzarrak. «Afi­zio­­natuetan partida bat edo beste errezagoak izaten ziren, baina profe­sio­naletan partida guztiak oso zailak eta gogorrak dira. Gutxien jokatzen duenak ere asko egiten du», adierazi digu. Bigarren Mailako Binakako Txapelketan ari da orain, Larrinaga atzean duela. «Orain arteko partida ge­hienak galdu ditugu», dio, eta «zaila» ikusten du sailkapena. «Ahal dena egiten da hemen, ahal den hobekien jokatu eta ahal bada irabazi». Kontatu digunez, «astean bi aldiz Tolosara joaten naiz eta Justo Lillo prestatzailea­rekin aritzen gara. Fron­toian normalean Iruñean entrenatzen dugu». Eta pro­fesionala izanda, ge­hiago ligatzen ote du orain?: «Baten batek igual bai, baina nik ez. Hori ez da asko aldatu».

Etxekoez ere galdetu diogu: «debutatu aurretik ere oso pozik zeuden eta orain nahiz eta ez oso emaitza onak lortu, espe­ro­ dut denborarekin emai­tzek laguntzea eta de­­nak pozik egonen gara». Bere lehe­nengo ame­tsa bete du: «profesionaletan debuta­tzea». Orain gai­ne­ra­koei hel­­­du nahi die: «ahal bada txa­pel­ke­tak irabazi. Ilusio haundiena buruz buruko txapela janzteak eginen lidake». Garaiz­ dabil, eta ea hala den.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun