Goizean goiz aterako da aurten ere puxkak biltzera Aranoko zomorro koadrilla. Izer eta Alabier trikitilariek berena bezala jotzen dute dagoeneko egun hau eta guk ere guretar egin dugu bikotea. Badira urte batzuk etortzen direla eta guk behintzat ez ditugu uzteko!
Duela urte batzuk, zomorroak gutxitzen ikustearekin, gazte «izandakoak» ere gonbidatu genituen goizeko buelta egitera eta arrakasta polita izan zuen ekimenak. Dantzari ezin finagoak dauzkagu Aranon, baina dantzan animatzen ez denak ere zeregin polita izan dezake buelta girotzen, beraz, zomorro-zomorro etxean gelditu gabe, animatu zaitezte aurten ere karnabal-zomorro izatera. Edozein trapu zaharrek ere balio du ongi pasatzeko!
Eguerdian herrira iristean, zomorroentzat, ongi merezitako bazkaria izango da zain soziedadean, herritar batzuk bazkaria prestatzeko ardura hartu dutenez. Aldez aurretik eskerrik asko haiei! Eta bazkaltzen bukatutakoan kanturik ez da faltako mahai inguruan.
Zahagi dantza arratsaldean izango da beti bezala, 17:30 inguruan, eta jendea animatu nahi dugu ikustera etortzera. Inor ez dadila etxean gelditu. Ondoren dantza gehiago izango da, zomorro izan ez direnek ere horretarako aukera izan dezaten.
Eta afaria gero, egunari bukaera ematen hasteko. Herriko elkartean izango da hau, betiko moduan, eta ondoren dantzan eta kantuan aspertu ez denak, erabat asetzeko aukera izango du berriz ere, ordu txikiak herriko kanpaietan entzun arte.
Aurten zahagi dantza grabatzeko proposamena luzatu digu Nafarroako dantza talde batek. Dantza eta festa ezberdinak dokumentu moduan gorderik gelditzeak duen garrantziaz konturatuta, gogo onez hartu dugu proposamena. Dantzak eta festa ez ezik, Aranoko eta beste herri askotako doinuak, jantziak eta ohiturak ere jasota geldituko dira grabazio hauen bidez, beraz, zahagi dantza ikustera animatu nahi dugu gogoa duen guztia.
Honenbestez, galtzak eta alkandorak, morla, koxkabilo eta zintak, zapela eta kornetak prestatu eta egunean bertan elkar ikusiko dugula esan besterik ez!
San Roke elkartearen bilera
Gehienetan otsailaren azken aldera izaten bada ere, aurtengoan inauteriak direla eta, martxoaren 12rako egin dute San Roke elkartearen urteko bilera deialdia. Agertzen ez den bazkideak azalpenak eman beharko ditu, eta bestela, 30 euroko isuna kargatuko zaio urteko kuotarekin batera.