Moarratzea edo mugarratzea. Kimatzea. Inausketa. Izen ezberdinekin ezagutzen da gure inguruan “gutxienez Erdi Arotik, burdinolen garaitik” erabiltzen den teknika, Miel Mari Elosegi basozainak aipatu digunez. Asteburu honetan, Leitzan burutu dira Zuhaitz zaharren moarratzaileen lehen nazioarteko jardunaldiak eta Italia, Frantzia, Erresuma Batua, Katalunia, Valentzia eta Madriletik 30 bat lagun bildu dira, aitzinako teknika honi buruz gehiago ikasteko. Leitzako Udala eta Trepalari elkartea izan dira antolatzaileak eta asteburuan, teorika ikasteaz gain, Leitzelarreko Urkizu aldean berrehun bat urte izanen dituzten hamasei bat zuhaitz zaharren adarrak mugarratu, kimatu, inausi dituzte.
Miel Mari Elosegik aipatu digunez, 2005etik honara “80 bat zuhaitz mugarratu izanen ditugu Leitza eta Areson eta denbora horretan Euskal Herriko zuhaitz zale elkarteen eta Erresuma Batuko Veteran Trees (Antzinako Zuhaitzak) Elkartearen laguntza izan dugu”. Elkarte honetako Hellen Read-ek Leitzan aipatu zuenez, Ingalaterran ere aitzinako teknika hau berreskuratzen ari dira, baina han adar punttak bakarrik mozten dira motozerraren bitartez. Gainera, Euskal Herrian baino sarriago egiten dituzte kimatzeak, zuhaitzak guttiago sufritzen duela eta lehenago errekuperatzen dela uste baitute. Kataluniako Gerard Passola arbolazaina ere iritzi beretsukoa da. Euskal Herrian 15-20 urtetik kimatzen dira zuhaitz hauek. Miguel Barriola, 77 urteko leitzarrak aipatzen zuenez, “adarrak ipurditik mozten ditugu hemen, indar gehiago hartzeko”. 50 urte bazituen zuhaitzak mugarratu gabe, baina ederki gogoratzen du teknika eta bera aritu zen Leitzara bildutako teknikari, biologo eta arbolazaleen gidari. Berak adierazten zien nondik moztu adarra eta Gabriel Saralegi eta Joxe Mari Esnaola aizkolariek, aizkora modu egokian erabiltzen erakusten zieten.
Miel Mari Elosegik jakinarazitakoaren arabera, “hemen aizkoraz egiten zen, motozerrarik ez zegoelako. Motozerraz erraxagoa da. Gure muarraketa tradizionalean zuhaitzak oso behetik muarratzen ziren. Ingalaterran askoz goragora igotzen dira eta adar txikiagoak kentzen dizkiete zuhaitzei”. Hemendik lau-bost urtera, adarrak berriz ere ateratzen denean, ikusiko dute zein den teknikarik egokiena.
Ikatzetarako eta beste erabilerak
Moztutako adarrekin, garai batean ikatza egiten zen batez ere, baina pieza batzuk itsasontziak egiteko erabili izan dira, edo goldeen piezak egiteko. Adar-puntta finenak azienden bazka ziren. Sutako egurretarako ere erabiltzen da... Baina erabilera praktikoaz gain, kimaketak zuhaitzari bizitza luzatzen dio, “haizete eta elurteen aurrean egonkorragoa bihurtzen du, bolumena txikitzen baitio” Elosegiren esanetan. Mugarratzen ez bada, zuhaitza bera ere arriskutan egon daiteke, “adar-karga izugarria hartzen duelako. Bolumen handia hartzen du, eta haizeak eta elurraren kargak lurrera botatzen du”.
Leitzaldean ehundaka pago eta haritz mugarro dituzte, baina azken urteetan, urtero batzuk galtzen ari ziren. Horregatik, berriz ere lan hau egitea pentsatu dute, “batetik, berriz ere mugarroak berreskuratzeko, eta turnoan sartzeko, baina bestalde, kultura hori ez galtzeko. Ilargiak errespetatu behar dira, adarrak mozteko alturak, eta abar. Hori dena jasotzen ari gara”.
Baina ez da pagoa eta haritza bakarrik inausten. Elosegik aipatu digunez, “urkia, lizarra, gaztainondoa, sagarrondoa eta abar, bakoitza bere modura mugarratu edo kimatu izan dira, komeni zen araberako gauzak lortzeko. Lizarraren kasuan, aziendentzako hostoa eta baratzarako edo hesitarako arbak lortzeko. Moarratze-teknika hau bizirik dago oraindik”.
Dena dela, zuhaitz ugari XX. mendeko erdialdetik honat mugarratu gabe daude, eta horrek heriotzera bideratzen ditu. Horrela aipatu zuen Trepalari elkarteko Samuel Alvarezek. Ildo berean, Veteran Trees elkarteko Óscar Schwendtner-ek adierazi zuenez, “60 edo 80 urtetan ez dira kimatu eta sustraietik iraultzeko arriskua daukate. Tradizio hau berreskuratuz, zuhaitz askoren etorkizuna ez ezik, enbor barrenean bizi diren animali eta onddoena ere segurtatzen dugu”.