Hilabete batez lehian ibili ondotik, urtarrilaren 16an jokatu ziren aurten bigarrenez egin den Ni ere pilotari txapelketako finalak Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Benjamin mailatik hasi, eta infantil, kadete, jubenil eta seniorren bi kategorietan 70 emakumezko inguru aritu dira txapelketa honetan, eta tartean sei leitzar. Horietako bat izan da, hain zuzen, maila nagusian, seniorren lehenengo mailan, txapeldun. Iera Agirre leitzarrak Rebeka Kontin izan zuen lagun, eta lehia gogor baten ondotik, 30-28 irabazi zieten Maite Ruiz de Larramendi eta Maite Urtasuni. Partida orekatua izan zen, 27na berdinduak ere egon baitziren. Azkenean, halere, txapela Leitzara ekarri zuen Agirrek. Herrikide bat izan zen txapela jantzi ziona, Abel Barriola pilotaria. Partida ikustera joandako jendearen erantzuna ere ona izan zen, eta giro polita sortu zen Labriten.
Agirrerekin batera, guztira sei leitzar aritu dira txapelketa honetan: infantiletan Amaia Ezkurdia, Itsaso Morato, Ane Garro eta Andrea Kasares, seniorren bigarren mailan Enara Lasarte, eta seniorren lehenengo mailan Iera Agirre. Txapelketaren bigarren edizio honekin pozik, «txapelketa bikaina» izan dela adierazi dio Iera Agirrek TTIPI-TTAPAri: «Nafarroan bakarrik 70 bat neska palan jokatzen ikustea oso pozgarria da eta txapelketan parte hartu dugun pilotari guztien ilusio eta gogoak are handiagoa egin du txapelketa».