Santa Ageda bezperako usadioari eutsiz, kantu hotsak nagusituko dira ostiral honetan, otsailak 4, Euskal Herriko bazter askotan. Baita Goizuetan ere. Urte batzuez desagertua egon ondotik, joan den urtean berreskuratu zen Santa Ageda bezperan kantuan ibiltzeko ohitura eta aurten ere ez da egin gabe utzi nahi izan.
Bertso idatziekin errekuperatu zen iaz usadioa, baina aurtengoak berrikuntza bat ekarriko du, Josu Garmendia eta Joxe Manuel Oiartzabal bertsolariak ere ibiliko baitira kalejiran. Festa borobiltzeko, kanturako gogoa, makilak eta trikitixa doinuak jarriko dituzte herritarrek.
Edozeinentzat zabalik
Herriko kantuzale talde batek antolatu du ekimena, baina herritar guztiak daude gonbidatuak 19:00etan hasiko den hitzordura. Umore Ona Elkartean eginen den afariarekin emanen zaio bukaera ibilbideari.