Urrezko Aizkolariak txapelketako jardunaldia jokatuko da igande eguerdian Leitzan

TTIPI TTAPA 2011ko urtarrilaren 28a

Larretxeatarrek finalerdietarako txartela eskuratzeko aukera izanen dute igande eguerdian Leitzan. Artxiboko argazkia

Urrezko, Zilarrezko eta Gaztetxo mailako saio bana jokatuko da

Urrezko Aizkolariak Eusko Label Binakako aizkora txapelketako jardunaldia jokatuko da urtarrilaren 30ean, igande eguerdiko 12:00etan Leitzako Amazabal pilotalekuan. Txapelketa hau hiru kategorietan banatzen da, Urrezko Maila, Zilarrezko Maila eta Gaztetxo maila eta kategoria bakoitzeko saio bana ikusteko aukera izanen da Leitzan. Kategoria nagusian, Donato eta Oihan Larretxea aita-semeak Lezaungo Juan Jose Lopez Azpilikueta eta Aurtizko Ander Erasunen kontra ariko dira. Irabazleek zuzenean finalerdietarako txartela eskuratuko dute eta galtzaileek oraindik bertze aukera bat izanen dute.

Zilarrezko mailan, Arkaitz Olano leitzarra eta Asier Pellejero aresoarra, Arostegiko Manu eta Julen Kañamares osaba-iloben kontra ariko dira. Hemen ere irabazleak finalerdietarako txartela izanen du saritzat.

Gaztetxo kategorian azkenik, Leitzako Eneko Saralegi eta Otsagabiko Iker Vicente lehengusuak, Eloy Corchero arabarra eta Julen Larrea III. bizkaitarraren kontra ariko dira.

 

Laudion eta Etxarri Aranatzen ere

Leitzakoa ez da asteburuan Urrezko Aizkolariak txapelketan jokatuko den saio bakarra. Larunbat goizean Laudion, gaztetxo mailan, Mikel Ussia eta Gaizka Lopez laudiotarrak Beizamako Eneko Otaño eta Leitzako Mikel Zabaletaren kontra ariko dira.

Larunbat arratsaldean, berriz, Etxarri Aranazen, Urrezko mailan, Floren Nazabal eta Arkaitz Jauregi arabarra, Arria V errezildarra eta Jon Rekondo leitzarraren kontra lehiatuko dira, finalerdietarako txartelaren bila.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun