Larunbatean, urtarrilaren 22an, hasiko dira Leitzako ihoteak, nahiz eta eskolako gaztetxoek ostiral arratsaldean hasiko diren atsaureen kalejirarekin eta 20:30ean Miren Fernandezen ‘Laztantzen nauen eskua’ diskaren aurkezpenarekin.
Larunbatean eguerdiko 14:00etan Aurrera elkartean bazkaria izanen da eskean ibiliko direnentzat. Gero, arratsaldeko 16:00ak aldera, trikitilari, gaitero eta txistulariz lagundurik, egitaraua banatzen eta eskean hasiko dira mozorroak herriko etxeetan. Iluntzeko 20:30ean, Atekabeltza Gaztetxekoek antolatua, kontzertua izanen da Plazan eta afal ondotik Karaokea.
Igandean atsauretuen kalejirak, bazkaria eta dantzaldia
Larunbateko juergatik deskantsatu ondotik, igande eguerdiko 12etan atsaureak Plazatik aterako dira kalejiran Incansables txarangarekin eta gurdiak industrialdetik. Etxeko txikienek ere izanen dute gozamenerako aukera txu-txu trenarekin eguerdian eta arratsaldeko 16:00etan: biribilgunea, eskola, Patxi Arrazola, biribilgunea.
Ohitura den bezala, eguerdiko 14:30ean atsauretuek bazkaria izanen dute eskolako jangelan eta, 18:00etan, Incansables txarangak lagunduta, kalejira abiatuko da eskolatik. Iluntzeko 19:00etan hasiko da Gaubela taldearen dantzaldia Plazan eta bigarren saioa ere eskainiko dute gaueko 23:30etik aurrera. Ondotik txaranga ibiliko da.
Astelehen eta asteartean puxka biltzea baserrietan
Lagun asko biltzen dira astelehen eta asteartean baserriz baserriko eskean. Astelehen goizeko 09:30ean elkartuko dira Aurrera parean Gorriztaran, Arkiskil, Sakulu eta Erreka auzoetara puxkak biltzera joateko. Talde batekoak txistulariekin eta bestekoak txarangako musikariekin barreiatuko dute ihote giroa puntatik puntara. Baserrietan dabiltzan bitartean, herrian, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, gaztetxoenentzat puzgarriak izanen dira Amazabal pilotalekuan (baliteke jarduera hau asteartera pasatzea). Gero, iluntzeko 19:00etan eta gaueko 23:30etik aurrera Gaubela taldearen dantzaldia eta Incansables txarangaren txanda etorriko da.
Asteartean goizeko 21:30ean dute hitzordua mozorroek Erasote auzora abiatzeko eskean. Gaztetxoenek, ordea, goizeko 11:30ean Txan magoaren emanaldia izanen dute zinean. Eguerdiko 14:30ean eskean ibilitakoek bazkaria izanen dute Aurreran eta arratsaldeko 18:30ak aldera, Leitzako Atsaureen kalejira izanen da. Eta aurtengo ihoteei errematea emateko, Gaubela taldearen eta txarangaren emanaldiak.