Bi depuradora edo araztegi berriek eragindako ondasun eta eskubideak hartzea presakotzat jo du Nafarroako Gobernuak, nahitaez desjabetzeko. Hala erabaki zuen hilaren 10eko bilkuran.
Araztegi bat herriguneko hondakin ura tratatzeko izango litzateke –erroldan 282 biztanle daude–, eta bestea industrialdeko hondakin urak tratatzeko –industrialdeko kutsadura karga 300 biztanleri dagokiena da–.
Industrialdekoa
Industrialdeko araztegia eraikitzeko aurrekontua 456.956 eurokoa da eta sustatzaileak, Udalak, ordainduko du; obrak egiteko epea sei hilabetekoa da. Orain, NILSA proiektua idazten ari da.
Herrikoa
Herrian, proiektua sustatzeko izapideak eta desjabetzeak bukatuta hasiko dira obrak, eta hamar hilabete izango dituzte bukatzeko. Kasu honetan, aurrekontua 765.581 eurokoa da; %80 Nafarroako Gobernuaren Toki Administrazio Sailaren funtsekin finantzatuko da, toki azpiegituren planen bitartez, eta gainerako %20 saneamendu kanona medio –biztanle guztiek ordaintzen dute uraren ordainagirian eta NILSA enpresa publikoak gestionatzen du–.
Bi azpiegiturak eraiki artean, industrialdean lehen mailako tratamendua egingo dute; herriko ura, berriz, Astomela errekara heltzen zen euri uren sarera isurtzen da. Araztegia eraikitakoan, emari hori 377 metroko hustubide batean barrena eramango da instalazioraino, ura tratatzeko.
Industrialdeko araztegiak bi hustubidetatik jasoko du ura: bat industrialdearen mendebaldetik, eta 137 metrokoa izango da; eta bestea ekialdetik, 75 metroko luzerakoa.
Industrialdeko konponbideak amaieran hezeguneak izango ditu, 30 metroko sakonerakoak eta 220 metro koadroko azalerakoak.