Gazte Txokoa martxan

TTIPI TTAPA 2011ko urtarrilaren 20a

Igor Elizegi

12 urtetik 16 urte bitarteko gaztetxoek ere badute denborapasarako tokia, Gazte Txokoa deitu dutena, hain zuzen. Adin horretako gazteen artean hutsunea zegoela iritzita, orain urte batzuk, Guraso Elkarteak Udalarengana jo zuen lokal eske eta honek eskaera onartu egin zien. Tokia eskuratuta, auzolanean obra egin ondotik, Eguberrien aurretik zabaldu zituen ateak gune be­rriak. Inaugurazio ofiziala, berriz, joan den larunbatean, hilak 15, egitekoa zen. Momentuz larunbat eta igande arratsaldez egoten da zabalik, 16:30etik 20:30era, baina ekimenaren bultzatzaileek ez dute baztertu etorkizunean ordutegia zabaltzea. Igor Elizegi Guraso Elkarteko lehendakariak azaldu digunez, egoitza «aktiboa» izatea nahi dute eta horren harira antolatuko dituzte ekintzak: ping-pong txapelketa, jokoak, mendi irteerak, graffitti ikastaroa, hamabostean behin zinema emanaldiak... Antolakuntzaren ardura, bestalde, guraso eta Gaztetxekoen esku dago eta Gazte Txokoko b­atzordea ere sortua dute, argazkian ageri diren kideekin. Dena den, Gaztetxekoak ez dira beti pertsona berak izaten, txandan ibiltzen baitira. Bestalde, aipatu, Guraso Eskola astearte honetan hastekoa zela. Familia eta teknologia berriez aritzekoak ziren, Urko Mauduiten eskutik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun