Madaleneko Zubitik Olatxorako zatia bidegorri bihurtzeko proiektuari hasierako onespena eman dio Udalak

TTIPI TTAPA 2011ko urtarrilaren 20a

Alkatearen helburua obrak urte honetan egitea da

Bidegorriaren proiek­tuari segida eman nahi dio Udalak, eta asmo ho­rrekin erabaki du Madaleneko Zubitik Ola­txo­ra doan zatia oinez­koen­tzako egokitzeko proiektuari hasierako onarpena ematea. Kilometro eta erdi­ko zatia da eta gu­txi gorabehera hiru me­tro zabalerakoa. Garai batean zentral elek­trikoaren­tzako ura eramaten zen kanala da bidegorri bilakatu nahi dena. 71.000 euroko aurrekontua du.

Mieljoxe Lekuona alka­tearen hitzetan, «obra­ hau he­rriaren­tza­ko egokia da. Gainera, Goizuetako erre­pidea oso estua da eta gero eta jende gehiago ibil­tzen da paseoan». 2009an Olaberritik Madaleneko Zubia bitarteko bidea egokitu zen, eta «arrakasta haundia» izaten ari dela adierazi digu Lekuonak. Honi segida emanez, Ola­txora artekoa bidego­rri eginez, guztira bi kilome­tro edukiko lituzke oinezkoen bideak.

Hasierako onespena da Udalak eman duena. Beraz, Aldizkari Ofizialean argitaratu eta alegazioen epea zabalduko da gero. Ho­rren arabera, gehiago edo gutxiago luza daiteke tramitazioa. Edozein kasutan, Lekuonak aipatu digunez, «helburua aurten egitea da».

 

Komunalen erabilera

Komunalak erabil­tze­ko ordenantza ere onar­tu du Udalak eta horren arabera, komunalak erabili ahal izateko azienda guztiek saneamendua pasatua izan beharko dute. Eta aldi berean, aziendek herrian baratzeak edo kaleak ukitzen badituzte, ordenantzen bidez onartutako isuna jasoko dute, 30 eurotik 12.000 euro bitartekoa. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun