Olentzerok ez gintuen bisitarik gabe utzi. Alde batetik, abenduaren 22an, eskolan festa egin zen Eguberrietako oporrak hartu aurretik, azken egunaren seinale, eta beraiek egindako Olentzero batekin kalejira ere egin zuten herrian. Baina ondoren, benetako Olentzeroren bisita ere izan zuten.
Abenduaren 24ko arratsaldean, bestalde, herrira etorri zen berriz Olentzero, gurdia opariz beteta zuela. Haurrek abestu ondoren, goxokiak eta opariak banatu zituen denentzako. Gauean etxez-etxe pasako zela esanez agurtu zen datorren urtera arte. Espero dugu ongi portatuko zela aresoarrokin.
Auzolana
Aurten Zerbitzu Anitzetako langilea den Jabier bajan dagoenez, herria Eguberrietarako apaintzeko auzolana antolatu zen eta bere ordez, Guraso Elkartekoek eta Lagun Artekoek edertu zuten herria. Goizean 09:30ean gelditu ziren lanean hasteko. Guraso Elkartea plazako jaiotzaz arduratu zen, eta Lagun Artea, berriz, plaza zaharrean Olentzero jartzeaz. Argiak ere jarri zituzten. Hau guztia, beti ere, Jabierrek nola egin behar den erakutsi ondoren egin zen.
Beste txapel bat Olanorentzat
Anartz Olanok abenduaren 11n jokatutako Lizarrako pilota txapelketaren finalean txapela irabazi zuen. Partida ez zuen oso ongi hasi, 0-4ko markagailuarekin galtzen hasi baitzen. Baina jokoari buelta eman eta 18-5eko emaitzarekin irabazi zion Agirre aurkariari. Beraz, lerro hauen bidez, zorionak! Urtea bukatzeko modu ederra!