Plazako masta batean jarritako ikurrina kentzeko agindu dio Iruñeko Administrazioarekiko auzietako epaitegiak Udalari eta aldi berean, «aztoratutako ordena legala» berriz ezartzeko.
2009ko urrian onartutako Gobernuaren foru aginduaren bidez, Udalari Nafarroako bandera jartzeko eskatu zitzaion, eta ikurrina kentzeko. Foru Poliziaren 2009ko abenduko txosten batean Nafarroako bandera jarria zegoela jaso zen, baina oraindik ere ikurrina hor zegoela. 2010eko urtarrilean auzitegietara jo zuen Gobernuak. Eta azken aginduak ikurrina kentzeko eskatu du.
Azken sententziaren harira, Xabier Zabalo alkateak zera adierazi du prentsara bidalitako oharrean: «Euskal kutsua duen ororen aurkako UPNren gurutzadaren barnean, beste eraso baten aurrean gaude eta hau erabat salagarria da. Beste behin ere, helburua euskal nortasun ikurrak ekimen amankomun eta eraginkorrarekin, Euskal Herriko erakunde guztietan eta dagokien lekuan, present egon daitezen bermatzea da, bide bateratu orokor horretarako prestutasun osoa agertzen dudalarik aurrerapausuak ematen jarraitzeko».