Mendizaletasuna da elkartzen dituena eta zaletasun hori asetzeko nahian sortu zuen kuadrilla batek Mendibil Mendi Taldea. Lehendik ere irteerak egiten bazituzten ere, Aurrera Elkarteari elkartea erabiltzeko baimena eskatu eta 2000. urtean eratu zen. Zazpi urte beranduago, 2007an, Elkarteko Juntak Aurreraren barne, mendiaren atala sortzeko proposamena egin zien eta halaxe egin zuten. Gaur egun, 45 lagun dira mendiko taldea osatzen duten kideak. Baina horrez gain, urtero 50 federatze txartel inguru ere tramitatzen dituzte.
Urte hauetan guztietan, hainbat bazter ezagutu eta tontor zapaldu ditu Mendibil Taldeak. Ateraldi guztiak desberdinak dira, oso arrakastatsuak batzuk eta ez hainbeste besteak. Hala, irteera batzuen erantzun eza tarteko, antolaturiko ibilaldietan parte hartzera animatu ditu Mendibilek gainontzeko taldekideak.
Bestalde, Mendi Taldearen oharrak inguruko hedabideetan jakinarazteaz gain, norberaren helbide elektronikora ere bidaliko dituztela jakinarazi dute. Aldiz, paperean ez da mezu gehiago bidaliko. Blogean ere gisa guztietako informazioa ageri da: http://mendibilaurrera.nireblog.com.