Jose Jabier Sestorainek abenduaren 15ean deklaratu zuen Nafarroako Entzutegian, «terrorismo goratzea» egotzita. Aurtengo Santiburtzioetan Festa Batzordeak jarritako karpa batera hurbildu zen Guardia Zibila eta bertan jarrita zeuden pankarta eta kartelei argazkiak atera ondoren, momentu horretan betizua erretzen ari zen Jose Javier Sestorain identifikatu zuten. Egun batzuetara, bere abokatuarekin Guardia Zibilarengana joan zen deklaratzera, eta abenduaren 15ean Nafarroako Entzutegian deklaratzera deitu zuten, «terrorismo goratzea» leporatuta. Gertaera salatzeko, 35 herritarrek babesa eskaini zioten Iruñean, eta Sestorainek deklaratu bitartean epaitegien aurrean konzentrazio bat egin zuten. Bestalde, bezperan, ez ohiko bilkura batean, mozio bat onartu zuen Udalak, ezker abertzalearen botoekin, Jose Jabier Sestorainen kontrako auzia bertan behera uzteko eskatuz. PPko zinegotzi bakarrak horren kontra bozkatu zuen, eta gainontzekoak ez ziren agertu (hiru EAkoak, bat UPNkoa).