Poz-pozik azaldu ziren herriko txikitxoak goizean-goiz jarrita zeukaten zitara. Bederatziak pasata hasi ziren Suro auzotik kantu kantari etxe batetik bestera, gero beheko auzoa eta azkenik, herria pasatu zuten eguerdia ongi sartuarekin. Ondotik, Kontzejuko tabernan bazkari goxoarekin bukatu zuten, oso nekatuak baina pozik eta gau magikoaren zain.
Joan zen urtean bezala, aldi honetan ere kale egin du herriko Olentzerok Bentaberri eta Arranbide auzoetatik, izan ere, oso koadrila gaztetxoa da eta gehiegitxo dela erabaki dute beraien gurasoek. Beraiek markatzen dute erritmoa eta hauekin ez dago korrika ibiltzerik beraiek ere ez lukete gozatuko. Koxkortzen doazen heinean, berriro animatuko diren usteetan gaude.
Nahiz eta batzuei abisua pasatu zitzaien, baten bat egon daiteke harriturik eta barkamena eskatu nahi dute gurasoek.
Urtezahar egunarekin merienda
Arratsaldeko bostak inguruan elkartu zen jendea Kontzejura Imanol eta Ainhoak hirugarren urtez, Olentzerotako ordainsari gisa herriko haurrentzat eta beraien gurasoentzat prestatu zuten txokolate goxoa hartzera.
Plana ezin hobea urteari amaiera on bat emateko, afari goxoaren aurretik merienda goxo bat edukitzea. Bikoteari eskerrak eman besterik ez dago, hartzen duen lanagatik.