Gobernuak aurreikusitako erraustegiaren aurkako mozioa onartu du Udalak

Esteban AROTZENA 2011ko urtarrilaren 12a

Ekainean hasiko dira Zumarreneko zabortegia inpermeabiliza­tzeko lanak

Nafarroako Gobernuak bultzatzen duen PIGRN-ek (Nafarroako Hondakinen Plan Integrala) dioenez, errausketa erabiliko da hondakinak deuseztatzeko metodo bezala gure he­rrialdean. Horren ondorioa, jakina, erraustegi bat eraikitzea izanen da, eta hau ez du begi onez ikusten gure Udalak, sistema honek «osasunerako eta ingurumene­rako arriskuak eka­rriko dituelako», besteak bes­te.

Iruñeak ez du erabaki oraindik erraustegiaren kokapena, baina hondakinen plana azal­tzeko egindako bileretan argi eta garbi jo du alternatiba horren alde. Zenbait hizlari eta teknikarik aurkeztutako bes­te hainbat aukera baztertu ditu gainera, atez ateko bilketa, esate baterako. Honen au­rrean, proposamen guz­tiak ikertuko dituen eztabaida «erreal eta serioa» exijitu dio Goizuetak Nafarroako Gobernuari, hainbat udal eta mankomunitatek ere gai honi buruz erabaki ahal izatea aldarrikatzen duten bitartean.

 

Zumarreneko zabortegia

Mendialdea Mankomunitatea sortu eta he­rriko eta Aranoko zabo­rrak kanpora eramaten hasi zirenetik obretako eskonbroak besterik ez dira botatzen Zumarreneko zabortegira. Era horretako zakartegien itxiera eta ondorengo errehabilitazioaren agindua eman zuen Europak aspaldi xamar eta gureari ere ailegatu zaio horretarako txanda.

Dagoeneko sinatuta dagoen akordioaren arabera, 850.000 euroko kostua izanen du Zumarreneko inpermeabilizazio lanak eta aurtengo ekainean ekinen diote lehenengo faseari (510.000 euro). Biga­rren fasea, berriz, Toki Azpiegituren Hirurteko Planaren barrenean sartuko da. Edozein kasutan, aipatutako dirutzaren %20 bi herriek ordaindu beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun