Leitzako Mendibil mendi taldeak eta Aurrera elkarteak antolatuta, urteko lehenbiziko mendi bizikleta ateraldia eginen dute urtarrilaren 15ean, larunbat goizeko 09:30ean Leitzako estaziotik abiatuta. Leitza-Leitzalarrea-Leitza izanen da ibilbidea eta bidean Aritzaundi, Urdola, Ixkibar, Urkizu eta Frankian barrena ere pasatuko dira. Denetara 22 kilometroko ibilbidea izanen da, bi ordu eta laurden inguruan egiteko modukoa eta antolatzaileen esanetan, egiteko erraza.
Aipatzekoa da Mendibil mendi taldearen baitan, Mendibil BTT taldea ere lanean hasia dela. Taldea osatzeko zazpi pertsona bildu ziren, Patxi Astiz, Jon Roda, Hegoi Huarte “Katzo”, Maxi Benitez “Piza”, Mikel Landeta, Juan Luis Santano “Wui wui” eta Joanes Zabaleta “Danbolin”, baina orain arte egindako ateraldietan jende gehiago ere ibili da mendi bizikleta gainean. Hasieran, bakoitza bere kabuz edo talde txikiagoetan ibiltzen ziren, baina bakarrik ateratzeko nagi hori kendu, hobe pasatzeko eta leku gehiago ezagutzeko helburuarekin elkartzea pentsatu zuten. “Normalean inguruko mendietan ibiltzen gara –diote Mendibil BTTkoek–, gehienetan Plazaolako estazion gelditu eta handik abiatzen gara. Baina beste batzutan kotxean sartzen ditugu bizikletak eta beste leku batera joaten gara pixka bat aldatzeagatik, Goizuetara, Lesakara, Andoainera... Edo baita ere aurreko egunean kotxeak nonbait utzi eta buelta kotxean egiten dugu”.
Urte osoko egitaraua
Taldetxo hau asteburuero biltzen da eta irteera zail xamarrak ere egiten ditu, baina urte osorako edozeinek egiteko moduko ateraldiak antolatu ditu hilabetero. Larunbateko Leitzalarrekoaren ondotik, otsailean Leitza, Basakabi, Ezkurreko txabola, Idiazabal, Uitzi, Leitza eginen dute; martxoan Ezkabara; apirilean, Elgorriaga, Arantza, Elgorriaga ibilbidea; maiatzean, Mendi taldekoekin Ulibarrira joanen dira; ekainean, Picos de Urbionera; uztailean, Leitza-Urroz ibilbidea; abuztuan Urbasara; irailean Leitza-Adarra ibilbidea; urrian Iratira; azaroan Anbotori buelta eta abenduan Zumaiara. “Eskatzen dugun gauza bakarra bakoitzak bere kaskoa eta pintxazoentzako repuestoak ekartzea da eta nola ez, humore ona. Hori bakarrik” diote Mendibil BTTkoek.
Agian ateraldiren bat aldatuko dute, baina hau dena segitzeko edo argazkiak ikusteko sartu facebooken: btt mendibil leitza eta izenak emateko edo edozein gauza galdetzeko idatzi btt_mendibil@hotmail.com helbide elektronikora.