Presakotzat jo dute Aresoko araztegi berriek eragindako ondasunak eta eskubideak hartzea

TTIPI TTAPA 2011ko urt. 11a, 08:59

Areso elurtua. Juana Mari Saizar

Depuradora batek herriko urak tratatuko ditu eta besteak industrialdekoak

Urtarrilaren 10eko bileran Nafarroako Gobernuak erabaki du presakotzat jotzea, nahitaez desjabetzeko, Aresoko udalerrian bi depuradora edo araztegi berriek eragindako ondasun eta eskubideak hartzea. Araztegi bat izango da herriguneko hondakin ura tratatzeko (herriko erroldan 282 biztanle daude), eta bestea industrialdeko hondakin urak tratatzeko (industrialdeko kutsadura karga 300 biztanleri dagokiena da).

Urtarrilaren 10eko bileran Nafarroako Gobernuak erabaki du presakotzat jotzea, nahitaez desjabetzeko, Aresoko udalerrian bi depuradora edo araztegi berriek eragindako ondasun eta eskubideak hartzea.

Araztegi bat izango da herriguneko hondakin ura tratatzeko (herriko erroldan 282 biztanle daude), eta bestea industrialdeko hondakin urak tratatzeko (industrialdeko kutsadura karga 300 biztanleri dagokiena da).

Industrialdeko araztegia eraikitzeko aurrekontua 456.956 eurokoa da eta sustatzaileak, Udalak, ordainduko du erabat; obrak egiteko epea sei hilabetekoa da. Orain, NILSA proiektua idazten ari da.

 

Herriko araztegiaren %80 Nafarroako Gobernuak ordainduko du

Herrian, obrak proiektua sustatzeko izapideak eta desjabetzeak bukatu ondoren hasiko dituzte, eta 10 hilabete izango dituzte bukatzeko. Kasu honetan, aurrekontua 765.581 eurokoa da; %80 Nafarroako Gobernuaren Toki Administrazioko Departamentuaren funtsekin finantzatuko da, toki azpiegituren planen bitartez, eta gainerako %20 saneamendu kanona medio (kanon hori Nafarroako biztanle guztiek ordaintzen dute uraren ordainagirian eta NILSA enpresa publikoak gestionatzen du).

Bi azpiegiturak eraiki bitartean, industrialdean lehen mailako tratamendua egingo dute; herriko ura, berriz, Astomela errekara heltzen zen euri uren sarera isurtzen da. Araztegia eraikitakoan, emari hori 377 metroko hustubide batean barrena eramango da instalazioraino, ura tratatzeko azken fase gisa.

Industrialdeko araztegiak bi hustubidetatik jasoko du ura: hustubide bat helduko da industrialdearen mendebaldetik, eta 137 metrokoa izango da; eta bestea helduko da ekialdetik, eta 75 metroko luzera edukiko du. Industrialdeko konponbidea bakterio ohea da baita ere, amaieran hezeguneak dituela, guztira 30 metroko sakonerakoak eta 220 metro koadroko azalerakoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun