Bigarren futbito maratona antolatu du Leitzako Atekabeltz Gaztetxeak

TTIPI TTAPA 2010eko abenduaren 28a

Kontsumoari buruzko solasaldia eta truke azoka ere eginen dira heldu den astean

2011ko ilbeltzaren 3an, goizeko 10:00etan hasiko den futbito maratona antolatu du bigarren urtez Leitzako Atekabeltz gaztetxeak. Zehazki, partidu motxen ligaxka moduan jokatuko da.

Taldeak mistoak izanen dira, gutxienez bost lagunek eta gehienez zortzik osatuak eta talde bakoitzeko 10 euro ordaindu beharko da. Apuntatzeko zerrendak Torren, Peritzen eta Gaztetxon bete behar dira ilbeltzaren 1a baino lehen. Jateko eta edatekoak ere izanen dira, eta nola ez, baita sariak ere.

 

Kontsumoa hizpide

Ez da Eguberrietako egun hauetarako Gaztetxeak antolatu duen ekitaldi bakarra.. Izan ere, egunotan hainbeste igotzen den kontsumoa oinarri hartuta, “Ez gaitzatela kontsumitu! Kontsumo aske, burujabe eta krikitiko baten alde” izenburupean zenbait ekintza antolatu baitira.

Honela, abenduaren 28an, asteartean, “Sexualitatearen eraikuntza: lurrinen iregarkietan erabilitako estimulu komunikatiboak eta sexualitate ereduak” solasaldia eskainiko da 19:00etan Aurreran, Leitzako Bilgune Feministaren eskutik.

Abenduaren 30ean, egun guztian zehar Karrapen truke azoka eginen da eta 18:00etan talo talerra eginen da, jan-edariz eta bertzelako osagaiez osatua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun