Urte osoko egunik haundienaren atarian da dagoeneko Goizuetako Umore Ona Korua, larunbatean, hilaren 18an, burutuko baita abesbatzarentzat kuttunena den kontzertua, Eguberrietakoa, alegia.
Hamahiru abesti eskainiko ditu Umore Onak ilunabarreko 20:00etatik aurrera Elizan ospatuko den emanaldian, bost berriak –Good News, An Irish Blessing, Tourdion, Maitia Nun Zira eta Maritxu Nora Zoaz– eta besteak lehen plazaratuak: A tu lado, Txoriak Txori, Haurtxoa Seaskan, Hator Hator, Kantuz, Olentzero eta Goizian Argi Hastian, hain zuzen. Helduak hasi aurretik eta dagoeneko ohikoa bihurtu den bezala, gaztetxoen taldeak hiruzpalau kantuz osatutako emanaldia eskainiko du.
Zuzendari berria
Jakina den bezala, bere ibilbidearen lehen hiru urteak Igaratza Apezetxearen gidaritzapean egin ondoren, Nuria Colomerren esku dago abesbatza lehengo otsailaz geroztik. Abeslari eta musikari kataluniarrak zuzendutako lehen kontzertua izanen da, beraz, Umore Onakoentzat larunbatekoa. Abeslari guztiak bilduko dituen afariak emanen dio bukaera urteroko kantu festa honi.