Joan den urteko arrakasta ikusita, Nafarroako Federazioko Emakumea eta Pilota Batzordeak aurten bigarren aldiz antolatu du Ni ere Pilotari txapelketa. Abenduaren 12an abiatu zen Agoitzen eta larunbat honetan, abenduak 18, Etxarri-Aranazko pilotalekuan izanen du segida; urtarrilaren 2an Espinalen jokatuko da hirugarren saioa, urtarrilaren 9an Iruñeko Oberena pilotalekuan eta finalak Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dira urtarrilaren 16an.
Emakumeen pilota indartzea da helburu nagusia, eta hala, Nafarroan eta hemendik kanpo pilotan jolasten duten emakumeak gero eta gehiago izatea nahi da. Sei kategoriatan neurtuko dituzte indarrak: benjamin, alebin, infantil, jubenil eta seniorren bigarren eta lehenengo mailan. Horien artean, sei leitzar ariko dira: Amaia Ezkurdia eta Itsaso Morato alde batetik, eta Ane Garro eta Andrea Kasares bestetik, infantiletan ariko dira. Enara Lasartek seniorren bigarren mailan jokatuko du eta Iera Agirrek senioarren lehenengo mailan.