Mushuk ñankunata izeneko –kichwa hizkuntzan bide egokia edo zuzena esan nahi du– formakuntza tailerra egin dute berriki Gizarte Zerbitzuek ekuatoriar gizonezkoekin. Gai jakinen inguruan hausnartzeko eta lantzeko beharra zegoelako abiatu zuten ekimena Gizarte Zerbitzuetatik, zehazki, alkoholaren kontsumoak eragindako kaltearen garrantzia lantzeko. Ekuatoriar gizonezkoekin bitartekari lana egiteko pertsona bat bilatu zuten lehenbizi, galdetegi bat eginez, eta Segundo Cepeda aukeratu zuten. Azaroaren 9an egin zuten aurkezpena eta horren ondotik, beste lau saio antolatu zituzten, Teresa Martinez prebentzio eta Maite Perurena gizarteratze programetako teknikariekin. ‘Erregularizazioa, isunen ondorioak, lege informazioa eta gaia nola bizi duten’, ‘alkohola eta bere eraginak alkoholemietan. Mitoak eta ideia faltsuak. Edarien graduazioak’, ‘aisialdirako aukerak’ eta ‘ohitura osasuntsuak bultzatzeaz’ aritu dira. Astearte honetako azken saioan, diplomak eta gutxieneko asistentzia maila eman dutenei alkoholimetro bat banatzekoak ziren.