Aurtengo Orantzaroaren eguna berezia izanen da. Berezia edo aurreko urteekin alderatuz, behintzat, desberdina. Izan ere, deialdi berezia egin da, garai batean herrian izaten ziren Orantzaroaren ereduak berreskuratzeko. Egin berri den ikerketa baten arabera, garai batean Leitzan Orantzaroaren bi eredu zeuden: oraindik mantentzen den gizonarena eta aspaldian galdua den emakumearena. Ba, aurten, kalean Orantzaroaren bi irudiak ikusteko ahalegina egiteko eskatu da, eta aldi berean, Orantzaroaren izena berreskuratzeko ere bai, urteetan Olentzero esanez ordezkatua izan baita.
Hilaren 24an, 12:00etan , haurrak eskolatik abiatu eta bazkal ordura arte herrian ibiliko dira bazterrak alaitzen. 18:30 aldera Orantzaroa jaitsiko da menditik eta bere itzulia egindakoan, plazara joanen da –eguraldi txarrarekin frontoira–. Eta gero, Orantzaroa eta Maimurren ikuskizuna izanen da.