Goizean prestakuntzekin hasi eta arratsaldean ere bazen zeregina. Kanpandorreko argiak lehenago jarriak zeuden eta kanpaiak jotzeko ordua baino lehen Anttonio Exkerra ere kanpandorrean agertu zen.
Kamarak piztu eta Anttoniok kanpandorreko bi kanpaien sokak bere tokian jartzeari ekin zion. Bitartean jendea hurbiltzen joan zen eta plaza atarian irakurri zuen Maiderrek aurretik prestatua zuen testua: «Aranoko elizan 2 kanpana dia, bat larriya –dan– ta bestia agudoagoa edo bizigua –din–. Geo izan bihar zun beste bat eliza sartu aurretik sakristitik apezak o monagiluk jotzen zuena. Hura polea batekin eoten omen zen ta nahi zen haina denbuan bueltaka erailtzen omen zen, dindin dindin dindin... Guk lehenbiziko biyekin ingo gu joaldiya».
Anttoniok garai batean ikasi bezala jo zituen, Maiderrek azaldu ahala, argiezkila, angelusa, amaezkila eta keda, jai bezperako joaldiak, meza aurretik jotzen zirenak... eta hortik aurrera joarazi zizkionak hauek izan ziren: nonbait ezustean sua pizten zenean jotzen zirenak, udan harria botatzeko arriskua zenean konjuroarekin batera jotzen zirenak, norbait hiltzen zenekoak eta festaren bat zenean jotzen zirenak.
Anttonio gustura aritu zen eta herriko jendeak gogora ekarri zituen garai haiek. Joaldi hauen zergatia ezagutzen ez zuenak ere ikasteko aukera izan zuen eta festa polita izan zen.
Gero Ganbaran izan zen Piano bat Bertsotanen kantaldira ere jende asko igo zen. Giro oso polita sortu zen eta Xabier Legarretak egindako Aranori buruzko bertso berriak ere kantatu eta entzun ahal izan ziren. Piano bat Bertsotaneko kideek esan bezala, elkarrekin egin beharreko azken saioa izan zen eta eskerrak eman nahi izan zizkieten gerturatutakoei erakutsitako harreragatik. Haurrak ere kantariak datoz Aranon eta pozteko berria da hori!
Talo eta gaztain jatera ere jende asko hurbildu zen eta prestaketan ere gero eta jende gehiago aritu zela nabarmendu zuten antolatzaileek. Denen laguntzarekin, San Martinak ederki jantziak gelditu ziren, beraz.