Guraso Elkartekoek zuzendaritza berritzeko bozketa egin dute. Hala ere, oraindik ez dakite nola osatu, berriak eta zaharrak erdi bana, taldeka lanak banatuz edo beste modu batera. Kontuan hartuta, Guraso Elkartea herriko hainbat ekintzetan parte-hartzaile aktiboa dela, garrantzitsua izango da nola edo hala aurrera jarraitzea, beti ere, herriko umeek hainbat ekitaldi eta festaz gozatzen jarrai dezaten. Bestalde, pasa den asteazkenean, udazkeneko ekitaldia egin zuten eta neska-mutikoak gaztain biltzera joan ziren guraso batzuekin mendira, eta ia bi danbolinka bildu zituzten. Orain lehortzen ari dira eta hurrengo batean, erre eta jan egingo dituzte.