2,9 milioi euroko aurrekontua onartu du Udalak 2011rako

TTIPI TTAPA 2010eko azaroaren 11

Azken bi urteotan bezala, zergak eta tasak izoztu dira

2010erako aurrekontuarekin konparatuz, 641.789 euro gutxiagoakoa onartu du Udalak heldu den urterako: 2.954.789 eurokoa, hain­ zuzen. Ezker abertzaleko eta EAren aldeko botoekin atera da aurrekontua aurrera.

Baina horrekin batera, azken bi urte hauetan egin bezala, zergak eta tasak izoztea erabaki du Udalak, eta krisia izan da horren arrazoia: «Krisialdi haundian gaude eta Udala horretaz jabetzen delako hartu du erabakia, beti ere, zerbitzuetan ahalik eta eragin ttikiena izan dezan kalkulatuz». Halaxe azaldu dio Xabier Zabalo alkateak TTIPI-TTAPAri.

 

Inbertsio nagusiak

2011ra begira eginen den inbertsio nagusiena hilerra haunditzea eta horma-hilobi/kolunbario berriak egitea izanen da. 290.000 euroko diru-saila aurreikusi da horretarako. Horrekin batera, Otemotz errekatik ura ekartzeko 150.000 euro onartu dira; Erleta eskolan igogailua jartzeko 160.000 euro eta Haur Eskolan sukaldea jartzeko 30.000 euro.

2012an egitekoak diren Amazabaleko be­rrurbanizazioa eta ura tratatzeko estaziorako proiek­tuak erredaktatzeko 54.000 euroko partida hitzartu da.

Bestalde, Zabalok jakinarazi duenez, «Udalaren zor bizia 800.000 eurotan jaitsi da azken lau urteetan».

 

2010eko egitasmoak

2010ean Ibero ingu­rua erostea zen aurreikusitako inbertsio nagusiena, baina alkateak argitu duenez, «Nafarroako Gobernuak dirulaguntza noiz emanen digun zain gaude». Antza, «dena adostua dago eta edozein momentutan eginen da». Gobernuak Ibero interes publikoko erosketa dela aldarrikatua du, eta beraz, diruz lagunduko du, baina orain­dik ez da finkatu noiz izanen den hori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun