Eskualdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari esker, Goizueta, Arano, Leitza eta Aresoko gazteen topagune bihurtuko da gure herria larunbat honetan.
11:00etan elkartuko dira plazan lau herrietako neska-mutilak. Norberak eramandako gosaria jandakoan, Ganbarara joko dute, 13:30 arte iraungo duen gazte diagnostikoaren aurkezpen eta debatean parte hartzera. 14:00etan izanen dute bazkaria Gaztetxean, Xabier Silveira eta Eneko Lazkoz bertsolariak bertan direla. Arratsalderako, beste mota bateko ekitaldiak antolatu dira. 17:30etik 18:30era kaleko jokoak eginen dira; 19:30ean antzerki emanaldia izanen da Ganbaran Xagu taldearekin. 00:00etan joko du tontorra egunak, Vendetta musika talde ezagunaren kontzertua hasiko baita ordu horretan Gaztetxean.
Azaro kulturala
Aipatutako festari interes haundiko beste ekitaldi bat gehituko zaio asteburu berean. Bezperan, ostiral honetan, alegia, bere azken liburua aurkeztuko die herrikideei Patziku Perurenak, Goizuetan bada gizon bat izenburua daramana, hain zuzen. 19:30ean hasiko da Ganbaran.
Lehen aipatu dugun larunbat ilunabarreko antzerki emanaldiari buruz esan behar da, duela 12 urte sortu zela Xagu taldea Leitzan. Gurean eskainiko duen Agur Manhattan obra bere ibilbideko laugarren antzezlana da, eta Mielmari Elosegi Luze taldekideak idatzia da. Ordubete pasatxoko iraupena du eta estresa da gidoiaren ardatza. Luzerekin batera, Xergio Merinok eta Juani Barriolak osatzen dute taldea.
Hurrengo astebururako iragarrita dauden azaro kulturalaren ekitaldiei gainbegirada emanez, esan, ostirala, 19an, eta 19:30etik aurrera, Nepali buruzko diapositibak botako dituela Joseba Elizegi Yaman oiartzuarrak. Biharamunean, berriz, 17:30ean Asier Kidain magoak aktuatuko du. Bi saioak Ganbaran eginen dira.