Leitzako Amazabal kaletik Osasun Zentrorako errepidean espaloia eginen du Udalak, gaur egun ageri duen egoera kaxkarra moldatu asmoz. Modu honetan, osasundegirako loturak eta sarbideak hobetu nahi dira, orain artean zailtasunak dituzten pertsonek edo haurrendako silletekin joaten zirenek, esate baterako, arazo handiak iazten baitzituzten. Inguruko bizilagunei ere mesede eginen die obrak.
Jabier Zabalo Leitzako alkateak jakinarazi duenez, espaloi berria igerilekuen aldetik eginen da, eta honela oinezkoek ez dute ibilgailuekin batera errepidean ibili beharrik izanen. Lanen aurrekontua 45.000 eurokoa da eta laister hastekoak dira, urte bukaera baino lehen bukatu ahal izateko.
Beste aldetik, herriko zenbait espaloietako zailtasunak moldatzeko, hauek jeisten eta oztopoak kentzen ere ari da Leitzako Udala.