Leitzako kiroldegitik Patxi Arrazola kalera doan Lizarraga kalea kamioientzat ixteko eskatu dio Eusko Alkartasunak Udalari. Taldeak gogoratu duenez, aurreko legealdian ibilgailu hauei gune hau zeharkatzea debekatu egin zitzaien, baina EA-k jakinarazi duenez, errealitatea dezente aldatu da, "zenbait auzotar ibilgailu hauen presentziaz kexatu direlako".
Hori dela eta, kamioiak Patxi Arrazola kaletik bideratzeko proposatu dio alderdiak Udalari, eta horretarako beharrezkoak diren kartelak jartzeko eskatu ere. "Kontutan hartu behar da arazo hau konpondu ahal izateko legealdi honetan egin den biribilgune berria", ekarri du gogora Aitor Etxarriren taldeak. Proposamena aurreko Udal batzan eztabaidatu zen eta gehiengoaren aldeko botoekin, egoera aztertu eta behar diren neurrian hartzeko konpromisoa hartu zuen Udalak.
ETB TDTan
Beste aldetik, TDT sistema ezarri zenetik Leitzako telebistetan ezinezkoa da ETB ikustea, modu analogikoan ez bada. Nafarroako zenbait herritan errepikatzen da arazoa, baina Leitza inguruko beste herri batzuetan, Gipuzkoako antenaren bidez ETB1, ETB2, ETB3 eta ETB Sat ikustea lortu dute. Leitzako Eusko Alkartasunak bide hori segitzea eskatu dio Udalari. EAren arabera, inbertsioa “gehienez 2.000 eurokoa izanen litzateke” eta ondorioz, ahalegin ekonomiko hori egitea eskatu dio.