Krisiak krisi, Goizuetako Kultur Taldeak eta Udalak azaroa ekitaldiz betetzea lortu dute aurten ere, eta hagitz aberatsa izanen da gainera aurtengo prestatu duten egitaraua.
Bisita gidatuak, antzerki emanaldiek, liburu aurkezpenak, gazte topaketak, argazki eta bideo emanaldiek, bertso saioek, kontzertuak, herri kirolak, dantza talde baten saioak, eta guztien gainetik dagoen azaroaren 27ko Feriak osatzen dute gain gainetik esanda, azaro kulturalaren emanaldien zerrenda. Honetaz aparte, aipatzekoa da, igande honetan, azaroaren 7an, Umore Ona Elkarteak antolatuta ospatuko den Zaharren Eguna.
Bisita gidatua eta antzerkia azaroaren 6an
Larunbat honetan, azaroaren 6an, burutuko da aipatutako azaro kulturalaren lehenengo ekitaldia, gurean sekulan egin ez den motakoa gainera. Urrutineko Joxe Jabier Etxeberria gidari hartuta, goizeko 11:00etan plazan elkartutako guztiak herriko etxe esanguratsu guztien aurrera joanen dira. Bakoitzaren ezaugarri, historia eta abarren berri emanen zaie han.
Inor baldin bada gai hau menperatzen duena, hori Etxeberria da. Orain dela urte batzuk herriko 43 etxe berezienen gida kaleratu zuen Kultur Taldeak. Laudorio asko jasotako lan honen arduradun printzipala Joxe Jabier bera izan zen.
Larunbat arratsaldean ere izanen da kultur emanaldirik herrian, Ikatzola bordako Edurnek aktuatuko baitu Ganbaran, 19:30etik aurrera. Bakarrizketa saioa izanen da.
Zaharren Eguna azaroaren 7an
Azaroaren 7an, igandean ospatuko da Zaharren Eguna, baina bezperan, larunbatean hasiko dira urtero bezala, jubilatuen festaren ospakizunak. Orduan jokatuko baitira ohiko muse eta truk txapelketak. Biharamunean, bazkaria izanen dute elkartean, eta goizeko pilota partidek eta egun osoan Goizuetan izanen diren Legarreta eta Irazu bertsolariek borobilduko dute eguna.
Feria eta herritarrak
Hilaren 27rako antolatu den Azaroko Ferian herritarren partehartzea bultzatzea da antolatzaileen helburu nagusienetarikoa. Ba, aurten ere, eta TTIPI-TTAPAren bidez, antolatzaile taldeak deialdia luzatu die herritar guztiei festa haundi honetan edozein eratara parte har dezaten, aziendak, lanabes eta tresna zaharrak plazaratuz, eta salmenta postuak paratuz, esate baterako.