Urriaren 30ean, larunbat arratsaldean jokatu zen Leitzan Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketako lehen jardunaldia. Hain zuzen, 630 kiloz beheitiko gizonezkoen zortzikoteak aritu ziren lehian eta aurrikuspenak betez, Amaiur taldea nagusitu zen, tiraldi guziak bereganatuz. Bigarren postua Berriozarrentzat izan zen, hirugarrena Basaburua-Imotzentzat eta laugarrena Txantrearentzat.
Amaiurko taldean , Fermin Iparragirre (Elizondo), Oskar Telletxea (Igantzi), Joxemi Bengoetxea (Urdazubi), Juanma Irigoien (Elizondo), Joxean Iriarte (Amaiur), Migel Joxe Ariztia (Amaiur), Esteban Mendiburu (Azpilkueta), Iñaki Iriarte (Amaiur) eta Iñaki Urrutia (Amaiur) ari dira aurten, Koldo Goienetxe eta Joxe Urrutia Amaiurko entrenatzaileen gidaritzapean eta Mikel Altzuri beratarra prestatzaile fisikoarekin.
Datorren larunbatean, azaroaren 6an, 630 kiloz beheitiko gizonezkoen bigarren jardunaldia eta 375 kiloz azpiko emakumezkoen lehen jardunaldia jokatuko dira Gorritin, 17:00etatik aitzinera. Emakumezkoak seinaka ariko dira eta hemen ere Amaiur izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Ester Iriarte (Narbarte), Maite Iriarte (Narbarte), Miren Bengoetxea (Urdazubi), Maite Bengoetxea (Urdazubi) eta Jone Bengoetxea (Urdazubi) ariko dira Amaiurko taldearekin.