DATUA. 430 ehiztari daude gaur egun elkartean. Horietatik 339 usoetan ibiltzen dira.
BANAKETA. Azaroaren 14tik aurrera, egunero finkatuko dira postuak, goizero eginen den zozketarekin. Bitartean, hirukote bakoitzak ehizatzeko bere tokia izanen du.
Aurreko urteetan baino bazkide gutxiagorekin hasi du denboraldia Ehiztarien Elkarteak. Aspaldian, urtetik urtera gero eta bazkideen alta gehiago izan badira ere, aurten ez da horrela gertatu; aurten baja gehiago izan dira.
Uso, basurde zein oilagorretan ibiltzen diren 430 ehiztarik osatzen dute gaur egun elkartea, eta horietatik 339 dira usoetan ibiltzen direnak. Uso ehiztariek urriaren 9an hasi zuten sasoi berria, eta aurten 113 hirukote osatu dituzte. Ohi bezala, denboraldi hasieran egindako zozketa bidez erabaki zen hirukote bakoitzari dagokion postua zein den, eta orduan egokitutako tokian egonen dira azaroaren 14ra bitarte. Aipatzekoa da, aurten bazkideen bajak izan direnez, hirukote bakoitzak egunero baduela postua; joan den urtean, ordea, ehiztari gehiago izanda, egunero ez zen denentzat posturik izan.
Azaroaren 14tik aurrera, aldiz, oilagorren garaia hastearekin batera, egunero finkatuko dira postuak, goizero 07:00etan elkartean eginen den zozketarekin, hain zuzen.
Junta berritzea
Lau urteko agintaldiaren ondotik, 2011ko maiatzean berrituko da Arrantza eta Ehiztarien Elkarteko Zuzendaritza Batzordea. Eta kargurako boluntariorik aurkeztu ezean, zozketa bidez osatuko da junta berria. Bitartean, orain arte egon direnek segituko dute. Leitza, Areso eta Arribe-Atalluk osatzen dute barrutiko lehendakaria Jose Migel Largo herritarra da; Leitzako elkarteko lehendakaria Juan Mariezkurrena da; lehendakariordea Joseba Aierdi; diruzaina Oskar Saralegi; idazkaria Juanjoxe Ariztimuño eta sei bokalak Pepe Alvarez, Luciano Villabona, Peio Ariztimuño, Peio Astibia, Klemente Baraibar eta Unai Olano dira.