Larunbat honetan, urriaren 30ean abiatuko da Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketa Leitzako plazan 17:00etan eginen den 630 kiloz beheitiko kategoriako gizasemeen lehen jardunaldiarekin. Euria egunen balu frontoian eginen litzateke saioa. Kategoria honetan Amaiur izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta beraiekin batera, Amaiur, Txarntrea eta Basaburua-Imotz lehiatuko dira. Lau talde hauek ariko dira 590 kiloz beheitiko kategorian ere. Gizonezkoek bi jardunaldi izanen dute kategoria bakoitzean.
Gizonezkoen kategorietan zortzi laguneko taldeak izanen badira ere, emakumezkoei dagokienez, seiko taldeak eginen dira eta kategoria bakarrean lehiatuko dira, 375 kiloz beheiti, hiru jardunalditan. Amaiur, Berriozar eta Basaburua-Imotz ariko dira, aurtengoan Lesakako Beti Gaztek ez baitu talderik aterako. Emakumeak azaroaren 6an hasiko dira lehian, gizasemeen 630 kiloz beheitiko bigarren eta hondar jardunaldia jokatzen den egun berean.
Azaroaren 13an, Jauntsaratsen jokatuko da gizasemeen 590 kiloko lehen jardunaldia eta emakumezkoen bigarrena eta azaroaren 27an, Zugarramurdin, 590 kiloko bigarren eta hondar jardunaldia eta emakumeen hondar jardunaldia ere jokatuko dira.