BISITA GIDATUA
Joxe Jabier Etxeberriarekin, herriko etxe adierazgarrienetan bisita gidatua eginen da azaroaren 6an.
Krisiak krisi, Kultur Taldeak eta Udalak azaroa ekitaldiz betetzea lortu dute aurten ere, eta jaso dugun informazioaren arabera, hagitz aberatsa dela dirudi gainera aurtengo prestatu duten egitarauak.
Bisita gidatuak, antzerki emanaldiek, liburu aurkezpenak, gazte topaketak, argazki eta bideo emanaldiek, bertso saioek, kontzertuak, herri kirolak, dantza talde baten saioak, eta guztien gainetik dagoen hilaren 27ko Feriak osatzen dute gain gainetik esanda, azaro kulturalaren emanaldien zerrenda. Honetaz aparte, aipatzekoa da, hurrengo igandean, hilak 7, Umore Ona Elkarteak antolatuta ospatuko den Zaharren Eguna.
Zaharren Eguna
Hilaren 7a idatzi badugu ere, esan beharrekoa da, bezperan hasiko direla urtero bezala, jubilatuen festaren ospakizunak. Orduan jokatuko baitira ohiko museko eta trukeko txapelketak. Biharamunean, bazkaria izanen dute elkartean, eta goizeko pilota partidek eta egun osoan gurean izanen diren Legarreta eta Irazu bertsolariek borobilduko dute eguna.
Bisita gidatua
Hurrengo larunbatean, hilaren 6an, burutuko da aipatutako azaro kulturalaren lehenengo ekitaldia, gurean sekulan egin ez den motakoa gainera. Urrutineko Joxe Jabier Etxeberria gidari hartuta, goizeko 11etan plazan elkartutako guztiak herriko etxe esanguratsu guztien aurrera joanen dira. Bakoitzaren ezaugarri, historia eta abarren berri emanen zaie han.
Inor baldin bada gai hau menperatzen duena, hori Etxeberria da. Orain dela urte batzuk herriko 43 etxe berezienen gida kaleratu zuen Kultur Taldeak. Laudorio asko jasotako lan honen arduradun printzipala Joxe Jabier bera izan zen.
Antzerkia Ganbaran
Egun bereko arratsaldean ere izanen da kultur emanaldirik herrian, Ikatzola bordako Edurnek aktuatuko baitu Ganbaran, 19:30etik aurrera. Bakarrizketa saioa izanen da.
Feria eta herritarrak
Azaroko Ferian herritarren parte-hartzea bultzatzea da antolatzaileen helburu nagusienetarikoa. Ba, aurten ere, eta TTIPI-TTAPAren bidez, antolatzaile taldeak deialdia luzatu die herritar guztiei festa haundi honetan edozein eratara parte har dezaten, aziendak, lanabes eta tresna zaharrak plazaratuz, eta salmenta postuak paratuz, esate baterako.